Julene Azpeitia literatur lehiaketan irabazle guztiak emakumeak izan dira

Aurtengo irabazleak Zumaiako udal zinegotziekin, sari banaketan. /  ARGAZKIAK SARA UTRERA
Aurtengo irabazleak Zumaiako udal zinegotziekin, sari banaketan. / ARGAZKIAK SARA UTRERA

Gaur eguerdiko 12:00etan Kofradiako plazan argazki jendetsua aterako da Euskaraldia eta Euskararen Eguna ospatzeko

SARA UTRERA ZUMAIA.

31. Julene Azpeitia literatur lehiaketako sari banaketa egin zen ostegun arratsaldean Oxford aretoan, Euskararen Astearen baitan. Aurten 43 lan aurkeztu dira, horietatik bost zumaiarrek idatzitakoak ,eta 31. edizio honetako irabazle guztiak emakumeak izan dira.

Lehenengo saria, 3.000 eurokoa, Maite Arruti Arakistainek eskuratu du 'Bizitza Tantaka' ipuinari esker. Zarauztarrak lehenengo aldiz irabazi du lehiaketa hau. Epaimahaiaren iritziz lanik onena izan da, ume baten begiradatik kontatutako ipuin honetan «elkarrizketak oso finak dira eta deskribapenak iradokitzaileak». Denboran atzera aurrera joko biribila egiten du eta ekarpenik handiena umearen begirada oso ondo lortua izatea du. Azken batean irakurlea asebete- tzen duen ipuina dela erabaki du epaimahaiak.

Bigarren saria, 1.500 eurokoa, Aintzane Usandizaga Lopezek irabazi du Bazterbideak lanarekin. Ipuin hau, berria eta originala izateagatik saritu du epaimahaiak. Zumaiako onenaren saria, 1.000 eurokoa, berriz, Naiara Zubimendi Zubillagarentzat izan da 'Zanhartzt' ipuinagatik. Ipuin honen egitura «oso originala da» epaimahaiaren iritziz, ipuin batena baino arnasa luzeagoa izan lezakeen kontakizun batekin ausartu da egilea. Estilo ariketa bat da eta interesez irakurtzen da.

Azaroaren hasieran bildu zen epaimahaia lehiaketa erabakitzeko. Bertan izan ziren Ana Urkiza, Castillo Suarez eta Josu Waliño; Udaleko euskara teknikariak idazkari lanak egin zituen, botorik gabe.

Literatur lehiaketako sari banaketa eta gero Uxue Alberdik eta Ines Osinagak 'Alfonsina eta Itsasoa' poema errezitaldi musikatua eskaini zuten.

Gaur, eguerdiko 12:00etan Kofradiako plazan argazki jendetsua atera nahi du Zumaiako Euskaraldia antolatu duen batzordeak, Euskaraldia eta Euskararen Eguna ospatzeko eta Zumaian izan duen partaidetza islatzeko.

Euskaraldia antolatzen ibili den taldeko kideek herritar guztiak eta, bereziki, ekimen honetan parte hartu duten norbanakoak eta elkarteak gonbidatu nahi dituzte argazkia ateratzera eta ondorengo ospakizunean parte hartzera. Elkarte askok atera dute banaka argazkia, baina, orain, guztiok batera egitea da helburua.

Argazkia atera ondoren, denok Beheko plazara kantuz batera joatea eta mokadutxo bat eginez jaiari amaiera ematea da asmoa.

Ludoteka

Asteburuan jolasen erakusketa egingo da ludotekan. Bertan mota askotako mahai jolasak izango dira, 4-12 urte bitarteko haurrentzako modukoak eta motaren arabera sailkatuak. Ez da jolas librerako gune bat izango, jolasak ezagutzeko gune bat baizik.

Hori horrela haurrak helduek lagunduta etorri ahal izango dira eta elkarrekin jolasen bat probatzeko aukera izango dute. Gaur eta bihar egongo da irekita, 17:00-20:00 bitartean eta bertan ludotekako hezi-tzaileak egongo dira zalantzak argitu, gomendioak eman edota galderak erantzuteko.

 

Fotos

Vídeos