31. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako sari banaketa, gaur

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ZUMAIA.

Azaroaren hasieran bildu zen epaimahaia 31. Julene Azpeitia literatur lehiaketa erabakitzeko. Bertan izan ziren Ana Urkiza, Castillo Suarez eta Josu Waliño. Udaleko euskara teknikariak idazkari lanak egin zituen, botorik gabe. Aurten 43 lan aurkeztu dira, horietatik bost zumaiarrek idatzitakoak.

Euskal Herri guztitik aurkeztu diren lanean artean, onenak honako hauek direla erabaki du epaimahaiak. Lehenengo saria (3.000 euro) Maite Arruti Arakistainek eskuratu du, lehen aldiz, 'Bisitza tantaka' ipuinari esker. Epaimahaiaren iritziz lanik onena izan da, «ume baten begiradatik kontatutako ipuin honetan elkarrizketak oso finak dira eta deskribapenak iradokitzaileak. Denboran atzera aurrera joko biribila egiten du eta ekarpenik handiena umearen begirada oso ondo lortua izatea du».

Bigarren saria (1.500 euro) Aintzane Usandizaga Lopezek irabazi du 'Bazterbideak' lanarekin. Ipuin hau, berria eta originala izateagatik saritu du epaimahaiak. «Hari askotatik tira egiten du eta tonu korala du ipuinak, irakurlea eszenatokian kokatzen asmatzen du». Hutsunearen gaia jorratzeko modu kurioso eta ezberdina gustatu zaio epaimahaiari.

Zumaiako onenaren saria, berriz, Naiara Zubimendi Zubillagarentzat izan da 'Zanharzt' ipuinagatik. Ipuin honen egitura «oso originala da» eta epaimahaiaren iritziz, «ipuin batena baino arnasa luzeagoa izan lezakeen kontakizun batekin ausartu da egilea. Estilo ariketa bat da eta interesez irakurtzen da».

Sari banaketa gaur egingo da, 19:00etan, Alondegian. Uxue Alberdik eta Ines Osinagak 'Alfonsina eta Itsasoa' poema errezitaldi musikatua eskainiko dute.

 

Fotos

Vídeos