Zumaia
Julen Axpek 'Furgonologoa' aurkeztuko du gaurLarraina Euskara Elkarteak antolatu du umoregile ezagunaren hitzordua, eta 19:30ean izango da Amaia plazan
E. A.
ZUMAIA.
Osteguna, 17 uztaila 2025, 20:32
Julen Axpe Otxandioko umoregile ezagunak Furgonologoa bere bakarrizketa saio berria eskainiko du gaur, ostirala, Zumaian. Hitzordua Larraina Euskara Elkartearen ekimenez antolatu dute, eta Amaia plazan izango da, 19:30ean. Emanaldia doan izango da, eta ordubeteko iraupena izango du.
Axpe azken urteotan euskal umoregintzaren erreferente bilakatu da bai oholtzan, bai telebistan. Oraingoan, ordea, esperientzia pertsonal batean oinarritutako ikuskizun berezi batekin dator: lau urtez Bartzelonan furgoneta batean bizitako abentura kontatuko digu. Bizitzeko modu alternatibo honek inspirazio iturri izan du Julenentzat, eta horren emaitza da Furgonologoa.
Bakarrizketan, ikusleak bere «etxera», furgonetara, gonbidatuko ditu, eta bere bizitzako ibilbide barregarria eta hunkigarria partekatuko du. Nola amaitu duen furgonetan bizitzen, zein egoerek eraman duten erabaki horretara, eta, batez ere, zergatik oraindik ez den bere amonsa sustoagatik hil, guztia umorearen bidez kontatua.
'Furgonologoa' ez da bakarrik barre egiteko ikuskizun bat; bizitzarekiko maitasuna, askatasunaren balioa eta egunerokotasunaren ikuspegi original eta bero bat eskaintzen du. Julenek publikoarekin konektatzeko duen gaitasunak eta bere estilo natural eta enpatikoak ikusleak berehala harrapatzen ditu.