Julen Alberdi-Gartzia eta Salaberria-Otaduy, Dinastia Etxabeko irabazleak

Finalistak, omenduak eta antolatzaileak. /  ARRITXU SALEGI
Finalistak, omenduak eta antolatzaileak. / ARRITXU SALEGI

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ZUMAIA.

Julen Alberdi-Gartzia eta Salaberria-Otaduy dira XLVII. Dinastia Etxabeko pilotari txapeldunak. Ostegunean jokatu ziren XLVII edizioaren partiduak eta hauek izan ziren emaitzak: Julen Alberdi-Gartzia 22-9 Unai Alberdi-Ibarloza gazte jubenil mailan; eta Salaberria-Otaduy 22-14 Lerena-Bikuña.

Gazte-jubenilen partidan 2-0, 2-2, 3-3, 5-5, 7-6 eta 8-7, hasiera bizi eta oso parekatua izan zen. «Baina zazpi tanto jarraian egin eta 15-7, alde nabarmenarekin, partidua irabazteko aukera haundiarekin Julen Alberdi eta Gartzia. Eta ordurarte lortutakoa areagotuz, 18-8 eta 22-9 garbi nagusituak azkenean 381 pilotakada jo ondoren Unai Alberdi eta Ibarlozari», azaldu du Zumaiako Kirol Elkarteko Jexux Iribar Olaldek.

Pilotari bakoitzak egindako lanari dagokionez, Julen Alberdi Gaztelekuk, Pilota Elkarteko aurrelariak, zazpi tanto egin zituen eta hiru galdu. «Orain arteko partiduetan bezala, defentsa ona erakutsi zuen eta egindako tanto denak oso politak izan ziren», dio Olaldek. Markel Gartziak, Bergarako Pilota Elkarteko atzelariak, hiru tanto egin zituen eta bat galdu, «oso emaitza onak atzelari batentzat. Partiduan eskubiko kolpe freskoarekin pilota gozatzen eta konfiantzarekin jokatzen ikusi genuen. Bere lanari esker, aurrelariak errematatzeko aukera gehiago izan zuen».

Unai Alberdik, Ilunpe Pilota Elkarteko aurrelariak, bost tanto egin zituen eta zazpi galdu. «Ez zen finalaurrekoan bezain fin ibili. Tanto ederrak egin bazituen ere, pilota askotxo galdu zuen eta zenbaki horiekin irabaztea oso zaila da». Bere bikoteak, Aimar Ibarloza markinar atzelariak, pilota oso zailak ekarri zituen «atzeko koadroetatik ezkerrarekin batez ere, baina eskubiarekin ematerako orduan, bere lekua behar bezala aurkitu gabe sarritan eta gozatu ezinik». Ez zuen tantorik egin eta bost galdu.

23 urtez azpikoen mailan

23 urtez azpiko pilota partidua maila onekoa izan zen, «norgehiagoka batek behar dituen ezaugarriz osatua, pilota abiadura haundiz mugitua, tanto piloteatuak jokatu eta erremate bikain askorekin», dio ZKEko kideak. 45 pilotakadako lehenengo tanto gogorra gerriko urdindun Lerena eta Otaduyren alde, eta, jarraian, beste bost eginda 0-6 alde esanguratsuarekin aurretik jarriak ziren; «Lerena sakearekin min eginaz, eta Bikuña ere aginduz atzeko koadroetan. Salaberria ahaleginak eta bi egiten jokoa bere terrenotara ekarri eta sakea eskuratuz aurkarien joko bolada ona hausteko, eta baita lortu ere, 1-6ko tantoa berak egin zuenean. Pilota aldatu eta jokoa ere bai». 7-7koan berdindu eta gero, 7-11 aurreratu ziren berriz ere gerriko urdindunak. Hauxe partiduko une erabakigarria, 8-11koa egin Salaberriak eta beste hamabi tanto takada batean euren aldera pilatuz, 20-11 nabarmen aurretik jarri ziren gerriko gorridunak, partidua goitik behera aldatzearekin batera. «Jada etsi samartuak egonik ere gerriko urdindunen 20-14rainoko beste urrats bat baina gehiago ez, eta beste bi tanto jokatu ondoren, 22-14 norgehiagoka irabazi eta txapeldun Salaberria eta Otaduy, 419 pilotakada jo ondoren».

Bakoitzaren lanari dagokionez, Iker Salaberria aurrelariak, hamabi tanto egin zituen eta bakarra galdu. «Bikain benetan! Norgehiagoka oso itxura txarra hartzen ari zela ikusita, bere pilotari dohainak agerian utzi zituen berriro», azaldu du Olaldek. Defentsan, sakearen onurak ere aprobetxatuta, eta era guztiko tantoak egin zituen. Zumaian 23 urtez azpiko mailan lortutako bigarren txapela irabazi zuen Otaduykin. Gorka Otaduy berriztar atzelariak tanto bakarra egin zuen eta hiru galdu. «Ondo jokatu zuen. Norgehiagokaren lehen zatian sufritzea tokatu zitzaion. Abiadura haundian ateratako pilota zailak ekarri zituen atzeko koadroetatik, aurkariei ere aurre egin, bikotelagun eta publiko pilotazaleari konfiantza emanez».

Oscar Lerena najerar aurrelariak zazpi tanto egin eta sei galdu zituen. «Ez zuen gaizki jokatu eta defentsan ere lan ona egin zuen. Hasieran ondo, sakearekin min asko eginaz eta tanto bat ere lortuaz horrela. Zalantzarik ez dago txapelketa ona egin duela Najerakoak, jokatutako lau partiduetatik lehenengoa izanik txarrena diferentzia haundiz». Eta Iñigo Bikuña atzelari donostiarrari dagokionez, hiru tanto galdu zituen eta beste hiru egin. «Ondo jokatu zuen, baina hasieran hobeto, pilotari indartsu emanez atzelari aurkaria atzeko koadroetatik asko mugitu gabe mantentzea lortu zuen garaian. Gero, ordea, bere jokoak pixka bat behera egin zuen, nekatu ere bai behar bada. Oso txapelketa ona jokatu du Bikuñak baina borobiltzeko atzokoa irabazi behar eta ezin Lerenaren antzera».

Omenduak eta esker onak

Urtero bezala, sari banaketa eta herriko sei pilotari ohiei omenaldia eskaini zion Zumaiako Kirol Elkarteak. Telmo Lisbona, Julian Berasategi, Jose Antonio Aizpurua, Angel Goikoetxea, Andres Hernandez eta Jose Mari Azkue izan ziren omenduak honetan.

Txapelketari amaiera emateko, «aurtengoan ere, eta pilotari eta publiko-pilotazalearen ohiko erantzun onarekin, bederatzi arrats polit pasatzeko aukera izan da Aitzurin. Eskerrak eman nahi dizkiogu: pilotari eta hauen ordezkariei txapelketari egindako ekarpenarengatik; publiko-pilotazale agurgarria, pilota ikuskizun eta txapelketaren finantziaziorako ezinbesteko oinarri; Zumaiako Udalari, batez ere aurreko bi urteetako pilotalekuaren bero arazoa bideratu izanagatik; eta Caixabankeri azken hiru urte hauetako beste finantzial babeslea», amaitu du.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos