
Zumaia
Joxean Urrestik igoko du santelmoetako banderaSecciones
Servicios
Destacamos
Zumaia
Joxean Urrestik igoko du santelmoetako banderaJoxean Urrestik (Getaria, 1968) igoko du aurten santelmoetako bandera. Ohi bezala, igande gauerdian izango da (hilak 27), danborradak San Telmo martxa jotzen duen bitartean. Arbustain Motor elkarteak bere txapel oroigarria oparituko dio xarma berezia duen ekitaldian.
Zumaiako bizilaguna oso gazte hasi zen itsasoan lanean. «Ikasle txarra nintzen; beraz, aitak esan zidan hauta nezala ikasten jarraitu ala haiekin arrantzara joan», gogoratu du omenduak. Eta horrela egin zuen, 16 urte besterik ez zituela 'Santa Luzia Bi' izeneko familiaren arrantza-ontzian hasi zen, bere aitarekin eta beste bi anaiekin batera. Familiako bigarren ontzia zen hura, aurretik 'Santa Luzia Bat' izan zuten (hori ez du ezagutu), ondoren 'Santa Luzia Bi' eta gero 'Santa Luzia Hiru', oraindik ere aktibo jarraitzen duena. «Nik horietako bitan egin dut lan, hasieran bigarren ontzian, eta ondoren hirugarrenean, erretiroa hartzeko egunera arte».
Inguruan arrantzan ibiltzen ziren. «Arratsaldeko bostetan ateratzen ginen antxoen bila, eta gau osoa pasatzen genuen hor, hurrengo egunera arte. Berdelak, antxoak eta sardinak harrapatzen genituen. Gero, udan, hegaluzearen bila ateratzen ginen, Galiziara joaten ginen, eta baita Irlanda ingurura ere, hamabost egun inguru igarotzen nituen etxetik kanpo».
Ia bizitza osoa arrantzan eman du Joxean Urrestik, ia orain arte, iaz 56 urterekin erretiratzeko ordua iritsi zen arte. Hala ere, aitortu du oraindik ere noizean behin joaten dela Getariara laguntza ematera. Urrestik gogoan du, itsasoa bere bizimodua izan den arren, oso gogorra dela. «Une txarrak eta sustoren bat egon da, batez ere eguraldi txarrarekin, itsasoa nahastuta zegoenean eta olatuengatik. Baina gogorrak ziren ere ezer egin gabe geldirik zeunden momentuak edo arrantzan egiten ez zenean, luze egiten ziren itxaronaldiak».
Arrantzaren mundua hasi zenetik asko aldatu dela azaldu du. «Ontziak, adibidez, asko aldatu dira. Lehen denak egurrezkoak ziren eta orain txapazkoak dira, gure 'Santa Luzia Hiru' bezala».
Arrantza-ontzi hau, gainera, '8 apellidos vascos' filmaren eszenatokiaren parte izan da. «Ekoiztetxea etorri zen eskatzera, filmean 'Sabino III' deitu zioten. Asteburuetan erabiltzen zuten, egun batean itsasora eraman zuten eta horretarako gurekin kontatu zuten. Oso ondo tratatu zuten eta gustura egon ginen, esperientzia entretenigarria izan zen».
Joxean Urrestik gaztetatik gozatu ditu santelmoak. Lehenik koadrilarekin, eta ondoren Zumaiako bizilagun bezala eta familiarekin. «Nire emaztea, Olga, duela 25 urte ezagutu nuen, eta ordutik familian bizi ditut jaiak. Santelmoak oso jai onak eta politak dira, giro ona dago eta gozatu egiten ditugu. Ez dugu tradizio berezirik, baina normalean San Telmo egunean bazkari bat egiteko biltzen gara», adierazi du.
Aurtengoa, ordea, berarentzat eta bere familiarentzat bereziena izango da ziurrenik, bera izango baita bandera igotzeko ardura izango duena kofradiako balkoitik. «Xebek deitu zidan esateko aurten niri tokatzen zitzaidala. Baiezkoa eman nion, ohore handia baita hori egitea», azaldu du. Era berean, une hori iristeko gogoa izan arren, hori pentsatzeak urduritasuna sortzen diola aitortu du. «Etxean noizbait komentatu didate agian egunen batean niri tokatuko zitzaidala egitea, baina nik ez nuen horretan pentsatzen. Gustu handiz hartu dute albistea, pozik gaude», gaineratu du.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
No te pierdas...
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.