Zumaia
Guztia prest Euskal Jai Eguna ospatzekoHitzordua bihar, hilak 8, izango da. Zumaiarrek zein bisitariek hainbat jardueraz gozatzeko aukera izango dute
Zumaia prest dago Euskal Jai Eguna hartzeko. Bihar, hilak 8, izango da hitzordua, eta zumaiarrek zein bisitariek guztion gusturako ekitaldiz beteriko egun eder batez gozatzeko aukera izango dute.
Goizetik, musika eta jai giroa nagusi izango dira kaleetan zehar, eta 10:00etatik 14:00etara, artisauen azoka izango da Alde Zaharrean. Guztira 22 postu egongo dira eta, gainera, artilea lantzeko tailer-erakustaldiaz gozatu ahal izango da azokak irauten duen bitartean.
Eguerdi partean, jendetza bilduko da udaletxe aurrean; izan ere, Sebastian Lizasok eta Anjel Mari Peñagarikanok bertso saioa eskainiko dute balkoitik balkoira. Ondoren, gauza bera egingo dute Erribera kalean, kofradiako balkoietatik.
Arratsaldeko 13:00etan, Udaletxe aurretik abiatuta, Larraina Euskara Elkarteak eta Korkoiak taldeak antolatutako 'Zumaia kantari' hasiko da. Kantujirak ondorengo ibilbidea izango du: Goiko plaza, Martxoak 8a plaza, Ondartxo plaza, Kofradia, Upela plaza, Erribera Kalea eta Beheko plaza. Antolatzaileek herritarrak gonbidatu dituzte Goiko plaza eta Beheko plaza arteko ibilbidean beraiekin euskal kantak abestera. Ordu berean hasiko da Zutrik taldearen kalejira. 15:00etan, Eusebio Gurrutxaga plazan jarraituko du festak, herri bazkariarekin.
Sagardoa eta taloak
Arratsaldean, 18:00etatik aurrera Amaia plazan, haurrentzako dantzaldia izango da Joxe Mendizabalekin. Ordu berean, Odietan, taloak egongo dira Erkibe Kultur Elkartearen eskutik. 18:30ean Eusebio Gurrutxaga plazan Olgetaneko erromeria eta Incansables txarangaren kalejira izango dira.
Sagardo dastaketa 19:00etan hasiko da eta bi eremutan banatuta egongo da: Eusebio Gurrutxaga plazan eta Odietan. Plazako sarreran bost postu egongo dira, non edalontziak erosi, sagardoa dastatu eta pintxoak erosteko aukera egongo da; Odietan beste bost postu egongo dira sagardoaz eta taloez gozatzeko. Dastaketa 21:00ak aldera amaitzea aurreikusten da.
Udalak Gipuzkoako Sagardogile elkartearekin harremanetan antolatu du jarduera, eta Sagardo etxe hauek hartuko dute parte: Aburuza, Bereziartua, Ekain, Gartziategi, Iparragirre, Izeta, Lizeaga, Petritegi, Satxota eta Urdaira.Bestalde, Sarrikola ogitegia (ogia eta gozogintza) eta Joxe Ramon Etxabe (gaztagilea) ere plazan izango dira bihar.
Dastatzeko basoa edo kopa aukeratu ahal izango da. Basoaren prezioa 3 eurokoa izango da, eta koparena, berriz, 2 eurokoa. Edalontzia itzultzean, euro bat itzuliko da basoagatik eta bi kopagatik; 20:30ak arte egin ahal izango da itzulketa.
Joselu Anaiak festa amaieran
Aurtengo Euskal Jai Egunaren ekitaldiak Joselu Anaiak taldearen emanaldiarekin amaituko dira, 22:30etik aurrera, Amaia plazan.