'Go!azen' antzezlanerako sarrerak hilaren 24an jarriko dira salgai

'Go!azen' antzezlanaren kartela. /  PAUSOKA
'Go!azen' antzezlanaren kartela. / PAUSOKA

Sarreren erdiak Oxford aretoan aurrez aurre erosi ahal izango dira eta beste erdiak, lehen aldiz, internet bidez

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ZUMAIA.

Otsailaren 16an 'Go!azen' antzezlanaren bi saio izango dira Zumaian. Zumaiena Ikastetxeko aretoan izango da antzezlana, 17:00etan lehenengo saioa eta 19:00etan bigarrena. Ikuskizun honek izan ohi duen erantzuna ikusita eta herritarrentzat sarrerak lortzea errazteko, aurten lehen aldiz Internet bidezko salmenta ere bideratuko du Udalak. Herritar ugarik egindako eskaera bati erantzuten dio, hain zuzen ere, internet bidezko salmenta honek.

Sarrerak, beraz, bi eratara erosteko aukera egongo da, saio bakoi-tzerako erdiak bertako salmentan, eta beste erdiak internetez. Bi salmentak egun berdinean hasiko badira ere, hilaren 24an, zumaiarrei lehentasuna emateko helburuarekin, bertako salmenta 17:00etan hasiko da eta internet bidezkoa, aldiz, 19:00etan. Bertako salmenta Oxford aretoan egingo da eta Internet bidezkoa egiteko gunearen helbidea aurrerago, baina garaiz, iragarriko da. Interneteko sarrerak inprimatzea derrigorrezkoa izango da.

Sarrera guztiek prezio bera izango dute, 6 euro, eta pertsona bakoi-tzak gehienez lau sarrera erosi ahal izango ditu.

Kultura sailak adierazi du lehen aldia izanik, salmenta guztia ondo joan ezkero martxoaren 4ean izango den Pirriotx, Porrotx eta Marimototsen 'Musua' ikuskizunerako salmenta ere era horretara egingo dela.