Zumaia
'Go!azen 12.0' kontzertuen bi emanaldi izango dira Aita MarinOtsailaren 8an eskainiko dira, 17:00etan eta 19:00etan. Sarrerak abenduaren 4an jarriko dira salgai
S.U.
zumaia.
Astelehena, 17 azaroa 2025
'Go!azen'-ek, gazteen artean arrakasta handia duen Euskal Telebistako telesailak, hamabi urte bete ditu. Eta, aurten ere, Zumaiara itzuliko da 'Go!azen 12 kontzertuak' aurkeztera: telesaileko aktoreak Aita Mari aretoko oholtzara igoko dira abestera, dantzatzera eta telesailaren alderdi dibertigarriak kontatzera.
Telesailaren denboraldi berriaren estreinaldiaren ondoren, Zumaiako gaztetxoek euren aktore gustukoenak ikusteko aukera izango dute Aita Marin 2026ko otsailaren 8an (igandea). Bi saio izango dira, lehenengoa 17:00etan eta bigarrena 19:00etan.
Kultura sailetik aurreratu dutenez, sarrerak abenduaren 4an jarriko dituzte salgai, 10:00etan, www.sarrerakzumaia.eus webgunearen bidez, 10,60 euroan. Pertsona bakoitzak gehienez lau sarrera erosi ahal izango ditu.
«Maitanek ideia zoragarri bat garatu du aurten: Basakabi bigarren aukeren udalekua bilakatu du. Kontua da Garaziri ez diola bere planen berri eman eta Basakabi arazoak dituzten gaztez bete da. Hemendik aurrera udara zaila biziko dute Garazik eta Maitanek Basakabin. Etorri diren gazte berriek iskanbilak sortuko dituzte eta, gainera, Kuxkuxero izeneko pertsona batek, ikasle guztien inguruko informazioa zabalduko du sare sozialetan. Maitasuna, anaien arteko gorrotoa, mendekua eta, jakina, abesti berri ugari!», aurreratzen dute.