Gabonetako zenbait ekitaldiren antolakuntzan parte hartzeko deia herritar eta elkarteei

Aurten lana bi elkarteren artean banatzea litzateke asmoa. Bilera asteartean egingo da, 19:00etan Alondegian, honetaz guztiaz hitz egiteko

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ZUMAIA.

Gabonak gainean ditugu eta Zumaian lanean hasi dira dagoeneko egun horietan hain bereziak diren ekitaldiak ospatu ahal izateko.

Horretan dabiltza Udalaren zenbait alor, eta baita herriko hainbat boluntario ere. «Baina egunak iritsi ahala lan handia dator, eta ezinbestekoa zaigu herritarren eta elkarteen laguntza: jaiotza prestatzen, erregeen eskutitzak jasotzeko ekitaldian, eta bereziena, hilaren 5ean herria zeharkatuko duen kabalgatan. Kabalgata egunak jendetza mugitzen du haurren gozamenaren inguruan, eta guztia txukun eta segurtasunez egin beharra dago, are gehiago haurrak tartean egonda», diote antolatzaileek.

Lan banaketa

Elkarteen kasuan Udalak parte hartuko duten elkarteentzat ordainsari bat ere badu, izan ere kultur edo kirol elkarteen jarduerek ere sarritan diru sarrera extra baten premia izaten baitute. Orain arte elkarte bakarra izan da Gabonetako ekitaldien koordinazioan lagundu duena, baina aurten lana bi elkarteren artean banatzea litzateke asmoa: talde bakoitzak 20 bat pertsona jarri beharko ditu; kopuru horretara iristen den elkarteek izango dute lehentasuna baina talde txikiagoren batek interesa balu, jarri Kultura sailarekin harremanetan. «Erabakia hartzeko ezinbestekoa baduzue informazio gehiago jarri Kultura sailarekin harremanetan eta xehetasunak emango zaizkizue», diote.

Bilera

Honetaz guztiaz hitz egiteko bilera bat egingo da asteartean, hilak 4an, 19:00etan Alondegian. Edozein zalantza argitzeko: kultur etxean, kultura@zumaia.eus edo 943 861056 telefonoan. «Ea guztion artean aurtengo gabonak ere borobilak prestatzen ditugun», gaineratu dute.

 

Fotos

Vídeos