Gabon abestien lehiaketarako izen ematea zabalik

S. U. ZUMAIA.

Erkibe kultur elkarteak antolatuta, haurrentzat zuzendutako Gabon abestien lehiaketa izango da, hilak 24an, 18:00etan, Eusebio Gurrutxaga plazako Batzokian. Parte har- tzeko taldeak gutxienez lau haurrez osaturik egon behar dira. Hauek, ohiturari jarraituz jantzi beharko dira eta Jaiotza eraman beharko dute. Talde bakoitzak bi Gabon kanta abestuko dituzte; horietako bat antolatzaileek aukeratutako 'Haur eder baten bila', eta bestea, taldeko kideek aukeratutakoa.

Parte hartu nahi dutenek Zumaiako Batzokian dagoen zerrendan eman beharko dute izena. Epea astelehenean 16:00etan amaituko da.

Sariei dagokionez, ondorengoak izango dira. Abesti mailan, talde irabazleak 70 euro lortuko ditu. Bigarren postuan gelditzen den taldeak 40 euro lortuko ditu, eta hirugarren taldeak, berriz, 30 euro. Bestalde, saririk gabe gelditzen diren taldeak 15 euroko ordainsaria jasoko dituzte. Talde bakoitzak aukeratzen duen Gabon abestiaren orijinaltasuna kontuan hartuko da. Jaiotza mailan, lehiaketako talde txapeldunak 40 euro irabaziko ditu, bigarren postuan gelditzen den taldekoek 25 euro, eta hirugarrengoek 20 euro.

Saririk gabe gelditzen diren taldeak 10 euroko ordainsaria jasoko dituzte.