«Festak askatasunez gozatu nahi ditugula aldarrikatzera goaz»

Zumaiako Mugimendu Feministak eta Amalgamak taldeak antolatutako deialdian. / SARA UTRERA
Zumaiako Mugimendu Feministak eta Amalgamak taldeak antolatutako deialdian. / SARA UTRERA

Erasoen aurrean jarraitu beharreko protokoloa osatu dute Amalgamak taldeak eta Zumaiako Mugimendu Feministak

SARA UTRERA ZUMAIA.

Zumaiako Mugimendu Feministak eta Amalgamak taldeak antolatuta, asteazkenean dozenaka lagun elkartu ziren Amaiako Plazan, eraso sexistarik gabeko jaiak aldarrikatzeko eta santelmoetako prestatu duten protokoloa aurkezteko.

Hasteko, irakurketa bat egin zuten: «Jaitotzez kontzientziarik gabeko gizakiak gara, sentimendurik gabekoak. Ez dugu inor ez ezer maitatuko, ez dugu inor ez ezer gorrotatuko. Maitatzea zer den 'erakusten' digute, nor, zer eta noiz maitatu. Gorrotoa zer den ere erakusten digute, batez ere zer eta nor gorrotatu». «Normaltasuna» maitatzen eta normaltasun horretatik at dagoena gorrotatzen erakusten digutela azaldu zuten. «Baina nork ezarri zuen, nork asmatu eta inposatu zuen normaltasun onartu hori? Horregatik sortu behar izan zen feminismoa, horregatik sortu behar izan zen LGBTI+ kolektiboa. Horregatik gaude gaur hemen. Horregatik bilduko gara beste behin ere larunbatean. Beldurra erantzi eta adorea jantzi dugu eta ez gaituzte berriz isilduko, ez gaituzte berriz lurperatuko», adierazi dute.

Oraindik lan asko egiteko dagoela azaldu zuten, «baina gaurkoan norberak alez ale egindako lanagatik txalotze bat» eskatu dute ere. «Iraultzarik handienak zuretik hasten direlako. Ale txikienetik. Txikitasunak egiten baigaitu handi», gaineratu dute.

Hori dela eta, bihar, larunbata, gaueko 23:30etan txosnetatik hasiko den manifestazioan parte izatera gonbidatzen dute Amalgamak taldeak eta Zumaiako Mugimendu Feministak. «Festak askatasunez gozatu nahi ditugula aldarrikatzera goaz. Kaleak ere gureak direlako!». Beraz, festak gainean ditugun honetan, kaleak hartuko dituzte beste behin. «Denok gara zu. Ez zaude bakarrik. Ez gaude bakarrik. Batuta egin dezakegu, zurekin, harekin, nirekin! Zumaia aldatzera goaz!», diote, eta gaineratu dute: «Festak askatasun osoz gozatzeko bidean goaz, baina guztiok dakigu zein zaila den bide honetako gorabehera guztiei aurre egitea. Bidegurutzeetan aurrerago edo atzerago, ezkerrerago ala eskuinerago, baina beti helburu garbi batekin: denon askatasuna».

Hori dela eta, santelmoetan gertatu izan diren jarrera onartezinei aurre egiteko asmoz, hainbat ekimen antolatu dituzte: hasteko, bi larunbatetan Emagin elkarteak gune seguru bat eskaintzeko helburuarekin karpa-gune bat jarriko du Saregileen plazan, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara eta gaueko 00:00tatik 02:00etara. Gune hori, erasoren bat jasan edo ikusten bada salatzeko zein informazioa eskuratzeko izango da.

Zapi feministak

Erasoen aurrean jarraitu beharreko protokoloaren berrikuntzei dagokienez, aurtengoa Amalgamak taldeak eta Zumaiako Mugimendu Feministak batera osatu dute. Eraso LGBTI+foboen eta sexisten aurrean hartu beharreko jarrerak azaltzen dira bertan. Protokolo hau betetzeko erantzukizuna Zumaia guztiak har dezan eskatzen dute. «Gogoratu edonolako eraso baten aurrean ezer egiten ez duena erasotzailearen konplize bihurtzen dela», diote.

Bukatzeko, gogora ekarri nahi dute «kultura LGBTI+fobo zein sexista batean bizi garela. Denok izan ditugula noizbait jarrera erasotzaileak, oraindik denok ditugula horrelako jarrerak. Guztiok gara gizarte honen parte, beraz, ez esan inoiz ez dituzula LGBTI+kolektiboa zein emakumeak* zapaldu, ez esan inoiz ez duzula esaldi iraingarririk esan, ez esan inoiz ez duzula horrelako jarrerekin inor mindu. Helburua ez da egindako akatsak ezkutatzea. Helburua akatsetatik ikastea da, heteropatriarkatua suntsitzea, gure sexualitatea askatasunez bizitzea, naturala den zerbait 'ohikotzat' hartzea, gezurrari egia jartzea».

Bestalde, Amalgamak taldearen eskutik, esku-orri berezi batzuk egongo dira eskuragarri. Horrez gain, Zumaiako Mugimendu Feministak San Telmo jaietako zapi feministak jarriko ditu salgai.