'Euskara, bestela ez gara' hitzaldi zikloa, bihartik

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Urtero bezala, euskararen inguruko hitzaldi zikloa antolatu du Zumaiako Udalak. Bihar hasi eta martxoaren 13ra bitartean, guztira lau solasaldi eskainiko ditu Alondegiko Oxford aretoan eta guztiak 18:30ean hasiko dira. Aurtengoak honako hauek izango dira.

Bihar Ianire Flores eta Asier Arakistain arituko dira hizlari, 'Euskara lan munduan. GKNren esperientzia' gaia hartuta. Zumaiako GKN enpresan izandako euskararen bilakaeraren inguruan hitz egingo dute. Euskara Batzordearen sorrera, lehen pausoak, ondoren egindakoak, etab. Horrela, lehen non zeuden eta orain non dauden azalduko dute.

Otsailaren 27an Edurne Azkarate aktoreak 'Erreferentziak edo inertziak? Erreferentziak eta inertziak' hitzaldia eskainiko du. «Artea eta denbora-pasa bereizten geroz eta zailagoa den gizarte frenetiko honetan, zer toki dauka euskal antzerki garaikideak? Sortzen dugun kulturak islatzen al du gure herria?», galderak landuko dira. Prekarietatea, herrigintza, ikerkuntza sistema... antzerkigintzaren biziraute soiletik sendatze eta sendotzera.

Martxoaren 6an 'Euskaraldia, Euskaltzaleak saretzeko bidean' izenburuko hitzaldia emango du Arrate Illarok, ekimenaren koordinatzaile aritu denak. Euskaraldiaren helburua herritarrak eguneroko hizkuntza-ohiturak aldatzeko aktibatzea izan da. «Lorpenak ikusita, egindakoaz eta hura egiteko moduaz hausnartuta, aurrera begira jartzeko ariketa egin behar da orain», doite.

Etorkizuneko Zumaian

Amaitzeko, martxoaren 13an 'Etorkizuneko Zumaia nola garatuko dugu euskaraz?' izenburuko hitzaldia emango du Ibon Manterola zumaiarrak. Euskal komunitatearen biziberritze prozesua eta euskalgintza gaur egun zer egoeratan dauden aurkeztuko da lehendabizi.

Ondoren, Eusko Ikaskuntzaren E5 egitasmoaren ('Euskararen Etorkizuneko Eszenatokiak Elkarrekin Eraikitzen') helburuak, metodologia eta emaitzak zein izan diren azalduko da. Azkenik, Zumaian antzeko prozesu bat egiteko oinarri eta baldintza batzuk identifikatuko dira.