Ekain Albite, Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan film laburra grabatzen

Ekain Albite, Maria eta Oier, Donostiako Maluta Films ekoiztetxeko kideekin filmaketan. / ALBITE
Ekain Albite, Maria eta Oier, Donostiako Maluta Films ekoiztetxeko kideekin filmaketan. / ALBITE

'Haizearen egia' izenburua duen fikziozko laburra lantzen ari da Donostiako Maluta Films ekoiztetxeko kideekin

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ZUMAIA.

Ekain Albite, Zumaiako Darahli elkarteko kidea, Tindufeko Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan izan da 'Haizearen egia' film laburra grabatzen. Lehen grabazioak egiten eta hango esperientziaren hausnarketa egin du Albitek.

«Dena da desberdina inguru honetan, bost egun daramagu eta hilabeteko bidaia dela dirudi, desertuko haizeak denboraren iragatea preso izango balu bezalaxe, denboraz kanpo sentitzen gara, zentzua galduta. Errefuxiatuen Kanpalekuko bizi baldintza gogorrek ez digute bertako gauza positiboez disfruta-tzeko aukera bahitu, izan ere, sahararrekin egunero ikasten da zerbait, ezerezean jakituria topatu izan balute bezalaxe», azaldu du zumaiarrak. Gizakiak bakean eta pozik bizi-tzeko ezeren beharrik ez duelaren froga bizia direla dio. «Orain irakasten duten legez, bere garaian taldean soilik lortuko zutela bizirautea ikasi zutelako dira horrelakoak. Baina, nik ez dut biziraupen zan-tzurik aurkitzen hemen, bizitza osoz beteriko jendea besterik ez».

Maria eta Oier, Donostiako Maluta Films ekoiztetxeko kideak, lagundu diote bidaian. Datorren urrian Zumaiako Darahli elkarteak babestuta grabatuko duten fikziozko film laburraren kontuak prest uztearen arduradunak dira. «Arraroa dirudien arren, hori da gure helburua, urte amaieran kaleratu nahi dugun fikziozko film labur bat grabatzea, Saharako Errefuxiatuen Kanpalekuetan». «Argi dagoen gauza bakarra da hemen bizi den jendeak zure barnera iristeko eta zure arima harrapatzeko gaitasuna duela. Azken finean, horregatik egiten dugu guztia, bertako jendearekin bizi nahi dugulako, entzun nahi ditugulako, haien istorioak eta historia munduak ezagutzea nahi dugulako!», adierazi du zumaiarrak.

Fikziozko laburra hemen egiteak hainbat arazo badituela azaldu du; aktoreak aurkitzea, haiekin komunikatzea, lekuak zehaztea, etab. «Handik genekarren gidoia behin eta berriz aldatzen gabiltza hemengo errealitatera egokitzeko. Bertako zine eskolaren laguntza ezin bestekoa zaigu aurrera jarraitzeko, haiek dira ingurua eta jendea ulertzen dutenak, haiek dira gure iparra», azaldu ud. Hasieratik argi zuten, ordea, proiektuaren oinarria bi herrien arteko elkarlanetik sortutako laburra egitea zela. «Bi herriei buruz mintzo da filma, eta biak ikusi behar dira, biak sentitu behar dira», dio.

Filmaren istorioa

Istorio egokia aukeratzea izan zen hauen lehen erronka. Aita eta seme saharar baten arteko erlazioan datza 'Haizearen egiaren' film laburraren istorioa. «Bizitza berdin ulertzen ez duten aita-semeak dira, horrek banaketara daramatza. Semea, Tahar izenekoa, kanpalekuetatik Euskal Herrira etortzeak eta denbora luzea hemen igarotzeak haien harremanaren zauria sakondu besterik ez du egiten», azaldu du Albitek, eta gaineratu du: «Urteak pasata, aita hil zorian dagoela, Tahar Kanpalekuetara itzuliko da, aita hil baino lehen elkarren zauria sendatzeko asmoz eta bakean bizi ahal izateko». Pertsonen barneko sentimenduez mintzo den istorioa da beraz; beldurrak, kontraesanak, nahiak, mina, oroitzapenak eta maitasuna. Ahaztua izaten ari den herri batean, gogoratu nahi duenik badelako. Desertu amaigabetik ihes egin nahi duenik badelako.

«Bidaia honetako denbora agortzen ari zaigun arren, bada argi dugun zerbait, Saharara itzultzen garen azken aldia ez dela izango. Hurrengoan, ordea, esnatuko gaituen haizea epelagoa izatea espero», amaitu du Ekain Albitek.