Zumaia
EHAEO Arkitektura sarietan finalista izan da ZumaienaIkastolako LHren eraberritzea 'Barne arkitektura eta lan eraginkorrak' atalean aitortu dute
Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaen Arkitektura sarietan finalista izan da Zumaiena Ikastola. Arkitekturaren eta hirigintzaren kalitatea, gizartean eta kulturan duen eragina eta berrikuntzarekin eta jasangarritasunarekin duen konpromisoa nabarmentzea da EHAEOk banatzen dituen sari hauen helburu nagusia.
Hainbat kategoriatan banatzen dira sari hauek, eta 'Barne arkitektura eta lan eraginkorrak' atalean lortu du Zumaiena Ikastolako azken eraberritzeak finalista izatea. «Nondik arkitektura estudioarekin azken hiru urteetan irakasle guztiekin elkarlanean egindako hausnarketa eta lan estuak ikasleen ikas prozesua aberasten duten espazio berritzaile eta zoragarriak sortzera eraman gaitu», azaldu dute Zumaienatik.
Lehen Hezkuntzako gune berriak zehazteko orduan, ikasleentzako «ikas-opariak» hartu dira oinarritzat. Bolumen horiek ingurune desberdinak sortzen dituzte barnealdean, eta kanpoan, aldiz, pieza anonimoak dira. «Eremu itxi horiek bezain garrantzitsuak dira horien arteko zirrikituak, ikasgelatzat erabil daitezkeelako eta zirkulaziorako ere balio dutelako. Hala, sormena eta ikasteko modu berriak sustatzen ditu espazio berritzaile honek».
Ekainaren 19an, Gasteizko Europa Jauregian ospatutako gala ekitaldian, erakunde desberdinetako ordezkariak bertan zirela banatu ziren sariak. Errekonozimendua jaso duten lan guztiak liburu batean argitaratzeaz gain, Europa Jauregian inauguratuko den erakusketa ibiltarian agertuko dira. Horien artean agertuko da, hain zuzen ere, ikastolan egindako eraberritzea. «Erronka izugarria izan zen guretzat ere horrelako lan handi batean bitartekaririk gabe sustatzaile bezala jarduteak», adierazi dute. Lan guztien antolaketan, barne diseinuan edota zuzentze lanetan lan ikaragarria egin duten Joxe Manuel Aginagalde, Usua Albizu eta Isaak Aranberri izan ziren galara bertaratu zirenak. «Eskerrak eman nahi dizkiegu hiru lankide hauei azken bi urteetan egindako lan ikaragarriagatik», gaineratu dute.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.