Bi domina eta zauri pila ekarri ditu Kimetz Etxabek Pistako Espainiako Txapelketetatik

Kimetz Etxabe brontzearekin. /
Kimetz Etxabe brontzearekin.

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ZUMAIA.

Pistako Espainiako Txapelketak jokatu dira Aste Santuan Tafallan. Abiadurako probetan lehiatu da Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteko Kimetz Etxabe kadetea. Txirrindulari debarra Espainiako azpitxapeldun izan da taldekako abiaduran. Zilarrezko dominaz gain, brontzezkoa ere lortu du 500 metroetan. Abiaduran laugarren sailkatu zen, brontzearen borrokako kanporaketan garaipen bat lortuta.

«Hala ere Keirineko finalak ordura arteko gozo guztia mikaztu zuen; oinetakoekin arazoak izan arren, finalerako sailkatu zen estatuko sei onenen artean urrea jokatzeko, eta final horretan urrearen bila zihoala txirrindulari valentziar batek, maniobra bortitz bat egin zuen bere aurka, Kimetz Etxabe lehiaketatik kanpo utziaz», azaldu du Zumaiako Txirrindulari Elkarteko kide den Arritxu Iribarrek, eta gaineratu du: «urrea galtzeak min ematen du aukerak dituzunean, baina zauriak ez dira bihotzean bakarrik izan, gorputzeko eskuin alde guztia minduta eta zaurituta baitu Viveros San Antongo ziklistak, hausturarik ez eta gaitz erdi. Bizpahiru aste beharko ditu Kimetz Etxabek bere onera itzultzeko, eta barruan duen amorrua errepideko emaitza onekin askatu ahal izango du etorkizunean». Valentziako txirrindularia zigortu egin zuten epaileek, eta eroriko bat probokatzeagatik ere aurrekariak ere badituenez, joko garbia ez egiteagatik eta kiroltasun ezagatik Espainiako federazioak beste neurriren bat ere har lezake berarekiko.

Errepidean juniorrek izan dituzte lasterketak, «oso lasterketa gogorrak gainera Aste Santuan». Durangon, Ostegun Santuan, bai Antton Tolosak eta baita Mikel Mancisidorrek ere lasterketa bukatu zuten. Antton Tolosa 25. sailkatu zen eta Mikel Mancisidor 97. Goiuriko igoera eta San Juango malda tenteak gaindituta. 113 txirrindulari bakarrik heldu ziren helmugara, hirurogeiren bat izan ziren karreratik kanpo gelditutakoak.

Igandean Agurainen jokatu zen Euskal Herria Torneoko karrera. 165 ziklista irteeran eta erdiek lortu zuten helmugako marra gainditzea, «ibilbide erdian lehen mailako Opakua baitzuten eta horrek galbahea pasa zuen. Mikel Mancisidorrek zulatu bat izan zuen eta aukerarik ez ondorioz lasterketa amaitzeko; Antton Tolosari Opakua oztopo handiegia bilakatu zitzaion lehenengoekin batera joateko. Azkenean 69. sailkatu zen Viveros San Antongo txirrindularia», azaldu du Iribarren.

Asteburu honi begira gaur goizean berriz ere Euskal Herria torneoko lasterketa dute juniorrek, Amurrion korrituko dute eta handik gertu, Arrespalditzan, arratsaldean kadeteek Gaztetxoak torneoko lasterketa izango dute. Euskal Herri osoko txirrindulariekin neurtuko dituzte indarrak Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteko ziklistek.