'Doinu zahar, kantu berri' ikuskizuna eskainiko du gaur San Pedro Abesbatzak

Ganuxi klarinete laukotea, atzo Zumaiako 35. Musika Jaialdiaren sarreran. /  SARA UTRERA
Ganuxi klarinete laukotea, atzo Zumaiako 35. Musika Jaialdiaren sarreran. / SARA UTRERA

Trio Zukan eta Amets Arzallus ere izango dira oholtza gainean | Ganuxi klarinete laukoteak eman zion atzo hasiera Zumaiako 35. Musika Jaialdiari

SARA UTRERAZUMAIA.

Ganuxi klarinete laukoteak eman zion atzo sarrera aurtengo Musika Jaialdiari. Garazi Gil, Nuria Domeneche, Uxue Garmendia eta Izadi Otamendik osatutako laukoteak irabazi zuen iazko Klarinete Maratoia, eta sari moduan, 35. edizioko jaialdian kontzertua eskaintzeko aukera izan dute. Besteak beste, Abba, Forrest Gump, El Padrino, El Rey León eta Yesterday obrak eskaini zituen atzo eguerdian laukoteak.

Gaur, 'Doinu zahar, kantu berri' izeneko ikuskizunaren txanda izango da, 22:00etatik aurrera Aitzurin. San Pedro Abesbatza, Trio Zukan eta Amets Arzallus izango dira ikuskizun honen protagonistak, eta bertsoen eta abestien artean bidaiatzea proposatu nahi dute. «Askotariko jan-tzi musikalekin, bertsolaritzan erabili diren hainbat doinuren errepasoa egingo da, gure herriko ondarean daudenetatik, gaur egun, neurri berak mantenduz, sortzen diren abestietara iritsi arte», diote San Pedro Abesbatzako kideek.

Kontzertuaren egitaraua lau zatitan banatuko da izenburu hauekin: Lehen pausoak, Koskortzen, Esperientzia zabaltzen eta Atzera begira aurrera jarraituz. «Pertsona baten bizitzaren antzera, umeetatik heldutasunerako bidaia egingo dugu hitzekin eta doinuekin jolasean».

Besteak beste, ondorengo kantak entzuteko aukera izango da: 'Aldapeko, Piku artean' (Iker Gonzalez, Hitzak: Baldebiñe Albizu), 'Andre Madalen, Umeek ere jakin dute' (Benito Lertxundi), 'Ume eder bat' (Jose M. Iparragirre), 'Konplize ditut' (Mikel Markez), 'Maitia nun zira', edota 'Isildu nahi ez den hura' (Iker Gonzalez, Hitzak: Karmele Mitxelena).

Amaia Aldalurrek zuzendutako San Pedro abesbatzarekin batera, Trio Zukan (Gorka Catediano, perkusioan; Maria Zubimendi, eskukosoinuan; eta Jon Ansorena, txistuarekin); Mari Carmen Azpeitia pianojolea eta Amets Arzallus aurkezlea eta bertsolaria izango dira oholtza gainean. Baina ez dira bakarrik egongo, izan ere, Sapere Aude Sinfoniettak antolatutako Musi-K Udaleku Musikaletan parte hartu duten ume talde batek ere bi kanta abestuko ditu.

Kontzertua 22:00etan hasiko da Aitzuri frontoian. Sarrerak turismo bulegoan aurrez eskuratu ez dutenek Aitzuriko leihatilan erosteko aukera izango dute, 12 eurotan. Haurrentzat eta Gazte Txartela dutenentzat sarrerak 4 eurotan.