Zumaia
Doako antzezpen tailerrak eskainiko ditu Alba Lozanok hilaren 28tik 30eraGeuretik Sortuak ekimenaren barruan, hiru saio izango dira adinaren arabera
Geuretik Sortuak ekimenaren barruan, martxoaren 28tik 30era bitartean doako antzerki tailerrak eskainiko dira Zumaian, Alba Lozano (Barakaldo, 1996) zinemagilearen eskutik. Tailerrak Torreberriko dantza gelan emango dira eta hiru data eta taldetan banatuta egongo dira.
Lehenengo saioa 50 urtetik gorakoentzat izango da, eta hilaren 28an, ostirala, goizeko 11:00etatik 13:00etara eskainiko da; bigarren saioa 8 eta 11 urte bitarteko haurrentzat izango da, eta hilaren 29an, larunbata, arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara eskainiko da; eta azken saioa 18 urtetik gorakoentzat zuzenduta egongo da, eta hilaren 30ean, igandea, 17:00etatik 19:00etara izango da.
Tailerrean parte hartu nahi dutenek mezu bat bidali behar dute zumaiags@gmail.com helbidera, beren datuekin eta zein taldetakoak diren adieraziz. Saioak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira.
Alba Lozanok film labur bat sortuko du Zumaian, Geuretik Sortuak proiektuaren hirugarren edizioaren barruan. Filmeko protagonista emakume gazte bat izango da, eta honek zinema munduan emandako lehen pausoetako bizipenak izango ditu ardatz. Ilusioa zein nahigabea soinean, lan munduan bizitako genero-jazarpena eta botere-harremanen eragina erakutsiko ditu film laburrak. Aurreratu dutenez, Inge Ugarte eta Arnatz Puertas aktoreek egingo dituzte protagonista lanak, eta haien ondoan ariko dira Amancay Gaztañaga, Sambou Diaby eta Sara Nieto aktoreak ere.
Zinemagilea eta gidoilaria da Alba Lozano. ECPV-n eta Txileko UDD-n Zuzendaritza Zinematografikoa ikasi zituen, EHU-n Komunikazio eta ikus-entzunezkoen gradua egin eta gero. Bere film laburren artean, 'Plunge' (2018), 'Non Grata' (2022) eta 'Utländsk' (2024) daude; azken hau Kimuak katalogoan hautatua izan da eta hainbat sari irabazi ditu.
Eusko Jaurlaritzarentzat hainbat spot zuzendu ditu, baita Etxekalte eta Habi taldeentzat bideoklipak ere.
Urte hauetan zehar Zuzendaritza eta Script lana uztartu ditu 30 film labur baino gehiagotan. Telesail eta filmen artean 'Asombrosa Elisa', 'El Internado Las Cumbres', 'Itxaso', 'Angela', 'Machos Alfa', 'Ni p*ta idea de la música' eta 'Victor el Espantapájaros' nabarmentzen dira.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.