Dinastia Etxabeko finalerdiak jokatzeko sailkatuak erabakita

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ZUMAIA.

Hilaren 13 eta 14an jokatuko final laurdenetako azken jardunaldiak eta gero, erabakita geratu da Dinastia Etxabeko finalerdiak jokatuko dituzten azken bikoteak. Final laurdenetako hirugarren jardunaldian emaitza hauek izan ziren: Gutierrez-Oliden 10-22 U- Alberdi Ibarloza; eta Riol-Garmendia 13-22 Lerena-Bikuña. Gazte-jubenilen norgehiagokan, tanto bakarrera berdinduta egotetik, 1-8 zazpi tantoko aldearekin egotera pasa zen gerriko urdinekoen alde. «Gerriko gorridunak hurreratu nahi baina 3-8, 4-9, 5-11, 6-12, 7-13 eta 8-14 bost-sei tantoko aldearekin atzetik egon ziren beti, eta partidaren azken zatian beste lau tantoko takadarekin 8-18, alde nabariagoa oraindik eta salba ezina», azaldu du Jexux Iribar Olaldek. Azkenean, 10-22 emaitzarekin irabazi zuten Unai Alberdik eta Ibarlozak.

Norgehiagoka gogorra izan zen 23 urtez azpikoen mailako partida. 0-5 gerriko urdindunak aurretik jarri baziren ere, 4-5, 4-6 eta 5-7 hurreratu ziren Riol eta Garmendia, «eta bost berdinketa jarraian: 7-7, 8-8, 9-9, 10-10 eta 11-11. Asko kostata baina zazpi tantoko takada ederra lortuaz, urdinak 11-18 aurretik jarri ziren berriz. Denak ere indar sobrarik ez zutela, eta atzetik zihoazenak partiduari buelta emateko sinesmenik gabe, 12-18, 13-20 eta 13-22 Lerena eta Bikuña nagusitu azkenean». Hurrengo egunean laugarren jardunaldia jokatu zen: Ariztegi-Apezetxea 17-22 Larrañaga-Elizegi eta Canabal-Salegi 19-22 Mata-Aizpuru.

Gazte-jubenilen norgehiagokan lau pilotariak orpoz-orpo eta pilotan serio jokatu zuten 17-17ko berdinketara arte. «Larrañaga eta Elizegi azken bost tantoak jarraian eginda, 17-22 nagusitu ziren», dio Iribarrek. Zalantzarik gabe partidu ona izan zela dio ZKE-ko kideak, «maila altuko bi atzelari nor baino nor zirti-zarta pilota majo libratuz frontisetik, eta aurrealdean ere erremate politak eginaz publiko agurgarriaren txalo zorta ederrak sortaraziaz tarteka».

23 urtez azpikoen arteko norgehiagoka ere oso estua eta gogor borrokatua izan zen lau pilotarien aldetik, eta markagailuaren ibilbidea honen lekuko: 1-1, 3-3, 4-4, 6-4, 6-6, 6-10, 7-10, 8-10, 8-11, 9-11, 11-11, 12-12, 12-14, 14-14, 15-15, 16-16, 16-18, 17-18, 17-19, 19-19 eta 19-22 Mata eta Aizpuruen alde.

Unai Alberdi-Ibarloza, Lerena-Bikuña, Larrañaga-Elizegi eta Mata-Aizpuru finalerdiak jokatzeko sailkatu dira beraz. Datorren astean txapelketako bi finalerdiak jokatuko dira. Abuztuaren 20an, 22:00etatik aurrera Aitzurin: J. Egiguren-Uranga eta Julen Alberdi-Gartzia gazte jubeniletan; eta Exposito (Jon Alberdiren ordez)-Zezeaga eta Salaberria-Otaduy 23 urtez azpiko mailan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos