Dinastia Etxabeko finalaurrekoak bihartik aurrera jokatuko dira

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCOZUMAIA.

Dinastia Etxabe Txapelketa final laurdenetako azken jardunaldia jokatu zen ostiralean. Igoa-Erkiaga eta Salaberria-Altuzarra izan dira finalaurrekoetara sailkatu diren azken bikoteak. Bi partidu oso desberdinak izan ziren ostiralean jokatutakoak, «gazte-jubenilen motz bat eta maila apalekoa, eta 23 urtez azpikoen luzea eta ona, pilota ikuskizun aparta eskaini zigutelarik maila altuan jokatu zuten lau pilotariak», azaldu du Zumaiako Kirol Elkarteko kide den Jexux Iribar Olaldek. Hauek izan ziren emaitzak: Larrañaga- Erle 12-22 Igoa-Erkiaga; Salaberria-Altuzarra 22-16 Mata Irurita.

Lehenengo partiduko markagailuaren ibilbide nagusia 0-6, 2-7, 4-8, 5-11, 6-18, 7-19 eta 12-22 Igoa eta Erkiagaren alde. «Ez zen partidu ona izan, egindakoak baino galdutako tanto gehiago izan zirelarik, 12tik 22ko proportzioan».

Oier Larrañaga zumaiarrak ez du finalaurrekoetara sailkatzeko aukerarik izan. Hiru tanto eder egin zituen ezker airez jota eta sei galdu. «Ez zuen gaizki jokatu, aukerako pilota gutxi izan zuen eta hain aukerakoa ez zen pilota batekin ere ezker gantxoz tantoa egiteko duen gaitasuna agerian utzi zuen», adierazi du Olaldek.

Bigarren partiduko markagailuak erakutsitako esanguratsuena hauxe izan zen: 0-3, 1-4, 4-4, 5-5, 7-7, 8-8, 9-9, 10-10, 13-10, 13-11, 16-11, 16-12, 17-14, 18-16 eta 22-16 Salaberria eta Altuzarraren alde. «Partidu bikaina izan zen. Luzea eta ona, ordu eta laurdenetik gorako denboran lau pilotariak maila altuan jokatu zutelarik. Salaberria izan baldin bazen ere diferentziak markatu zituena. Izan zuen bai zerikusirik, eta txalotutako tanto asko, 21 izanik egindakoak eta 17 galdutakoak, hauetako zortzi erasoan jotako pilotekin eta batzuetan aurrez tantoa egiteko adinako merituko pilotak jasoak izan ondoren».

Bihar jokatuko dira finalaurreko lehen bi partiduak: gazte-jubenil mailan Larrazabal-Agirre eta Oskoz-Uranga; 23 urtez azpiko mailan, Garcia-Zezeaga eta Canabal-Arbizu.