Dinastia Etxabeko final laurdenetako hirugarren jardunaldia bihar jokatuko da

Julen Alberdi-Gartzia eta Salaberria-Otaduy bikoteak finalerdietara sailkatu dira

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ZUMAIA.

Dinastia Etxabe pilota txapelketaren final laurdenetako bigarren jardunaldia jokatu zen ostegunean Aitzurin. Julen Alberdi-Gartzia eta Salaberria-Otaduy txapelketaren finalerdietara sailkatu dira.

Alberdik zazpi tanto egin zituen eta hiru galdu. Markel Gartziak ez zuen tantorik egin eta lau galdu zituen, «partida gogortzen zihoan heinean bere nagusitasuna Erkiagarekiko agerian geratu zen atzekoadroetan», dio Jexux Iribarrek. Josu Agirremalloak lau tanto egin zituen eta zazpi galdu. «Hasiera ona eman zion norgehiagokari eta jabetu bezain azkar ahalegindu zen atzekoadroetan zegoen aldeari aurre egiten». Lander Erkiagak, berriz, ez zuen tantorik egin eta bederatzi pilota galdu zituen. «Gustatu zitzaigun dena den, bi esku libre ditu eta biekin gozatzen du pilota. Partidaren azken zatian bere errendimenduak behera egin zuen», adierazi du Zumaiako Kirol Elkarteko kideak.

Beste aldetik, 23 urtez azpikoen norgehiagokak kolore bakarra izan zuen: gorria. «Bazegoen ikusmin puntu bat jakiteko estreinatzen ziren Salaberria eta Otaduy nola egingo zioten aurre Ioritz Egiguren eta Sanchezek osaturiko bikote sendoari. Oso azkar ikusi genituen ikustekoak ordea».Iker Salaberriak dena ondo egin zuela dio Olaldek, «aurkariak gehiago ez estutu izanaren penetan geratu ginen. Lan bikaina egin zuen». Otaduyk ere bere lana ondo egin zuen, «ez zuen pilotarik galdu eta freskotasun punttu bat nabaritu genion». Aurkariei dagokionez, Egiguren tolosarrak zerbait gehiago egin zezakeen. «Eramatekoak ziren pilotetan ondo, baina errematatzerakoetan ez hainbeste, txapa askotxo eta pilota gurutzatu ezinik kontrakantxarutz. Bere armarik sendoenetako sake ateratzean ere ez zuen minik egin». Sanchez atzelariak ere ahalegindu zen, «baina ezinean, batez ere sake restoko pilotetan, ezin urrunduz frontisetik eta Salaberriaren menpe gehienetan», gaineratu du.

Bihar, final laurdenetako hirugarren jardunaldia jokatuko da: Gutierrez-Oliden eta U. Alberdi-Ibarloza gazte jubenil mailan, eta Riol-Garmendia eta Lerena-Bikuña 23 urtez azpiko mailan.

Itzurungo txapelketa

Hilaren 8an Itzurungo pilota txapelketako laugarren jardunaldia izan zen. Hauek izan ziren jokatutako partiden emaitzak: Eizagirre-Mendizabal 22-13 Larrañaga-Alcantara; Gorostola-Sasiain 22-16 Martija Odriozola; eta Manterola-Tumas 17-22 Etxabe Unanue. Hurrengo jardunaldia bihar izango da, 18:00etatik aurrera Larretxoko frontoi txikian. Euria eginez gero, Herri Eskolako frontoian jokatuko da.

 

Fotos

Vídeos