Dinastia Etxabe pilota txapelketaren final laurdenetako lehen partidak, bihar

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ZUMAIA.

Ostegunean, Dinastia Etxabe Pilota Txapelketaren bigarren jardunaldia ospatu zen. Hauek izan ziren emaitzak, 23 urtez azpiko mailan: Lerena-Bikuña 22-15 A. Etxebarria-Uriondo eta Elola-Aldabe 17-22 Mata-O.Etxebarria.

Lehen norgehiagokaren argazki bat markagailuak egindako 0-5, 1-9, 7-9, 7-11, 9-11, 9-13, 13-13, 14-14, 15-14, 16-15 eta 22-15 ibilbidea izan zen. «Azkenean, galtzaile suertatu zen A.Etxebarria-Uriondo bikote bizkaitarraren joko eraginkor eta Lerena pilotari errioxarraren asmatu ezinaren ondorio sortua, batik bat», azaldu du Zumaiako Pilota Elkarteko kide den Jexux Iribarrek.

Uriondo atzelariaren hasiera ikaragarriak hankaz gora utzi zuen bikote gorridunaren joku ahalegina. «Ezker-eskubiz pilotari latz emanez kantxako nagusitasun osoa bereganatuz. Aitor Etxebarriak aurrekoadroetan tantoa egiten asmatzen zuelarik, 9 eta 1 aurretik jarri ziren, partiduari aurre egiteko inongo aukerarik ez genion ikusten Lerena-Bikuña bikoteari». Hauek bigarren tantoa egindakoan pilota aldatu zuten ordea, eta gauzak aldatzen hasi ziren ere. «Uriondo lehen hainbat gozatu ezinik, eta Lerena ere hobeto jokatzen hasi zenean. Bikuñaren partidu osoko seriotasuna eta Aitor Etxebarriaren juxtutasuna, gerriko gorridunak nagusitu izanaren arrazoia izan zen hein handi batean», adierazi du.

Oscar Lerenak zortzi tanto egin zituen eta zortzi galdu. «Trakets hasi zen eta gerora piska bat zuzendu baldin bazen ere, ez genion ikusi aurrelari batek tanto egiteko behar duen hainbat baliabide». Iñigo Bikuna atzelaria, ondo egon zen. «Bera izan zen pilota aldatzeko erabakia hartu eta bikote laguna pixka bat zentratuarazi zuena», azaldu du ZKE-ko kideak. Aitor Etxebarria aurrelariak sei tanto egin zituen eta bost galdu. «Hasiera txukuna eman zion partiduari». Endika Uriondori dagokionez, ostegunekoa ez zen egun onena izan atzelariarentzat, bederatzi galdu zituen.

Bigarren norgehiagoka hobeagoa izan zen, parekotasuna nagusitu zen. 1-1, 6-1, 6-8, 7-11, 9-12, 9-14, 11-15, 15-15, 15-21 eta 17-22, markagailuko paradak erakusten duten bezala. «Galdutako pilota askotxo izan bazen ere, oso maila oneko tantoak ikusteko aukera izan zen, eta hasieratik amaieraraino erritmo edo abiadura handian jokatutako partida izan zela esan behar da», azaldu du Iribarrek. Aurreko norgehiagokan bezala, hemen ere partiduko galtzaileak izan ziren hasieran agindu zutenak.

«Elola-Aldabe bikotea indartsu eta pilota bizi mugiaraziz hasi ziren, eta horri esker lortutako abantaila». Gerriko urdindunak ez zeuden amore emateko ordea, eta Etxebarria atzelaria gero eta hobeago jokatzen ari zen. «Mata aurrelari ausart bat ikusi genuen beste behin ere aurrekoadroetan, eta horrela sei eta batekotik seinako berdinketara», gaineratu du. Hortik aurrera, Mata eta Etxebarria izan ziren partidaren kontrola eraman zutenak, hamabosgarren tantoan berdinduta egon baziren ere.

Unai Matak, zortzi tanto egin zituen eta lau galdu: bat sakerrestoan eta beste hiruak erasoan txapa gainean uztera joan eta motzetxo geratutako pilotekin. Tanto ikusgarriak egiteaz gain, defentsa ona erakutsi zuen ere. Oier Etxebarriak tanto bakarra egin zuen eta hiru galdu. «Eskubia minduta eduki ondoren, entrenamendu eta partidurik jokatu gabe nonbait eta, bildur pixkatekin etorri zela esan zigun partiduaren atarian. Behin konfiantza hartu zuenean, ez zitzaion nabaritu aparteko gabezirik». Iñaki Elolak bederatzi tanto egin zituen eta beste horrenbeste galdu. Joseba Aldabek, berriz, tanto bakarra egin eta lau galdu.

Final laurdenak

Bihar, 22:00etatik aurrera Aitzurin, txapelketaren final laurdenetako lehen bi norgehiagokak jokatuko dira, jubenil mailan: J. Egiguren-Uranga eta Murua-Osa neurtuko dira eta 23 urtez azpiko mailan, berriz: Zubizarreta-Gaskue eta Jon Alberdi-Zezeaga.

Itzurungo txapelketa

Bestetik, aste honetan Itzurungo XIII. Pilota Txapelketa hasi da. Hauek izan ziren lehen jardunaldiko emaitzak: Gorostola-Sasiain 12-22 Antia-Oliden; Martija-Odriozola 22-10 Saizar-Martin; Manterola-Tumas 14-22 Larrañaga-Alcantara; Eizagirre-Mendizabal 16-22 Etxabe-Unanue. Ostiralean beste hiru partida jokatu ziren: Martija-Odriozola 16-22 Aristi-Larrañaga; Antia-Oliden 22-10 Eizagirre-Mendizabal eta Manterola-Tumas 22-13 Saizar-Martin.

 

Fotos

Vídeos