Zumaia
Debut gazi-gozoa Aitor Agirrerentzat Euskaltel-Euskadiren maillotarekinLarunbatera arte Danimarkako Tourra lehiatzen ari da taldea eta zumaiarrak ez zuen lehen etapa amaitzerik izan
S.U.
zumaia.
Asteazkena, 13 abuztua 2025, 20:24
Aitor Agirre (2003) zumaiarrak debuta egin du Euskaltel-Euskadiko maillot laranjarekin stagiaire gisa.
Ruben Perezen gidaritzapean, larunbatera arte Danimarkako Tourra lehiatzen ari da taldea, zazpi txirrindularirekin: Aitor Agirre zumaiarra, Txomin Juaristi, Jokin Murguialday, Louis Sutton, Danny van der Tuuk, Unai Zubeldia eta Axel van der Tuuk (azken honek ere debuta egin du mallotarekin, stagiaire gisa).
Laranja kolorearekin estreinatu zen Agirre asteartean, amestutako debuta izan ez bazen ere, zumaiarrak tropelaren erritmoa lortu ezinik sufritu zuen, eta epaileek lehen etapa uztera behartu zuten.
Euskaltel-Euskadik uztailaren amaieran jakinarazi zuen Euskadi Fundazioaren filialeko hiru txirrindulariri emango ziela aukera, stagiaire gisa, denboraldiaren azken herenean aritzeko, tartean Aitor Agirreri.
Orduan, Jorge Azanzak, Euskaltel-Euskadiko kirol arduradunak, adierazi zuen taldeak konfiantza duela etorkizunean hiru txirrindulari horiekin, eta garrantzitsua izango zela horiek probatzea eta kategoria berrian nola moldatzen diren ikustea, txirrindulari profesional onak izateko gaitasunak dituztela uste baitute. Aitorrek kalitate handia duela uste du; iaz Espainiako erlojupeko txapelduna izan zen eta Bidasoako Itzulian eta Zamorako Itzulian etapa bat irabazi zuen; aurten, Gervais Memoriala irabazi du hirugarren urtez jarraian.
«Aitor ezohiko txirrindularia da hemengo lasterketetarako, potentzia handikoa Europa Iparraldean egin ohi ditugun erlojupeko eta errodadoreen profilezko lasterketetarako», azaltzen zuen Azanzak.
Zumaiarrak laugarren denboraldia beteko du Euskadi Fundazioaren talde amateurrean.