Bolada gozoan jarraitzen du Itxas Gain piraguismo taldeak

Zumaia-Sakoneta-Zumaia itsas-kayak froga. /  PEIO ROMATET
Zumaia-Sakoneta-Zumaia itsas-kayak froga. / PEIO ROMATET

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCOZUMAIA.

Itxas-Gain piraguismo taldeak une gozo batean jarraitzen du. Gaztela-Leongo uretan lortutako emaitza onei jarraipena emanez, asteburuan ere jarduerak ez du etenik izan.

Ostiral goizean, Frantziako uretan, Europako Maratoi Txapelketan emakumezko Sub-23 mailan, Irati Osak lortutako zilarrezko dominaz gain, larunbatean, itsasoko kayak modalitatean ere emaitza onek jarraitu dute.

Santiagoko hondartzatik aterata, Zumaia-Sakoneta-Zumaia itsas-kayak froga gauzatu zen, era berean, Gipuzkoako itsas-kayak txapelketa ere zelarik. Gipuzkoa, Bizkaia, Kantabria, Asturiaseko bi talde eta Alemaniako talde batetako kide bat gerturatu ziren, bertan parte hartu, olatu eta haizeari aurre egin eta 11- 12 kilometroko lana betetzera.

Taldekako sailkapenean, Itxas-Gainek garaipena lortu zuen Pasaia Kayak taldeari puntu gutxiagatik gailenduz, eta, aldi berean, Gipuzkoako Itsas-Kayak txapelketako garaile izan zen. Frogaren ondoren, sari banaketarekin batera, parte hartzaile, antolatzaile, lagun eta kolaboratzaile guztiek, Gesalaga Precocinados eta Okelanek eskainitako parrillada batekin agurtu zuten eguna. Itxas-Gain taldeak eskerrak eman nahi dizkie bertan parte hartu zuten guztiei, eta bereziki, egun desatseginari aurre eginez, antolaketan lagundu zuten guztiei, Taosa Igeriketa Elkartea, Olarru Sub, Marcos Gonzalez, Agustin Laskibar, Okelan eta Gesalaga Precocinados.