Blowing Soul taldeak 'Suspicious fifteen' izeneko lana kaleratu du

Blowing Soul talde zumaiarra. / SARA UTRERA
Blowing Soul talde zumaiarra. / SARA UTRERA

EP-a Itzurun tabernan dago salgai 3 euroan. Facebook bidez ere eskatu daiteke

SARA UTRERA ZUMAIA.

Orain dela ia bost urte sortu zen Blowing Soul talde zumaiarra. «Musika eskolako kideekin talde bat sortu nahi genuen. Hasieran inprobisatzeko hasi ginen elkartzen», azaldu du Gorka Ibargurenek. Geroztik, San Telmo jaietako Bertsio Gauan hartu dute parte, besteak beste, baina atzerriko ikasketengatik edo beste arrazoiengatik taldearen proiektua ez zen guztiz eratu. «Orain dela urtebete inguru serio hartu dugu gure jarduna», adierazi dute Blowing Soul taldetik.

Gorka Ibarguren -ahotsa eta gitarra-; Ales Gorriti -gitarra-; Ibon Gorriti -bateria-; Oier Zeberio -saxofoia-; eta Abel Armendariz -baxua- dira Blowing Soul taldeko musikariak eta dagoeneko bere lehen EP-a kaleratu dute.

Boskoteak aurreko urteko udaran hasi ziren elkartzen proiektu berria martxan jartzeko eta dagoeneko bere lehen zuzeneko kontzertuak eskaini ditu. «Diskoa atera aurretik Aizarnazabalen eta Zumaiako Gaztetxean ospatutako Dardara Festan izan gara. Erribera kaleko horman, Imanol Yeregiren surf eskolaren irekiera festan eta Itzurun tabernan ere jo dugu, baina diskoa atera eta lehen kontzertua Getariako Gaztetxean izan da», esan du Gorritik.

'Suspicious fifteen' izenburua du kaleratutako lana. Lau kantaz osatuta dago: 'Way Down'; 'Raxid'; Jimi Hendrixen 'Purple Haze' kantaren bertsio bat eta 'Begiradez', azken hau euskaraz.

Ordu asko pasa dituzte Hendrixen kantak bertsionatzen eta rock estiloko kantak jotzen. Gaur egun jotzen duten musika estiloari dagokionez, funk-a izan da hautatutako generoa. «Funka eta soula gustuko ditugun generoak dira, eroso sentitzen gara. Gainera, kontzertuetan konturatu gara jendea erritmo hauekin gehiago mugitzen direla jo ditugun beste generoen aldean», dio Zeberiok.

Bere lehen EP-a argitaratu ondoren, funk estiloko kantez osatutako disko berri bat prestatzen hasteko gogoa dutela adierazi dute. Momentuz, 'Suspicious fifteen' lana Itzurun tabernan lortu daiteke 3 euroren truke edota Blowing Soul Taldea-ren Facebook bidez eskatuta.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos