EH Bilduk hileko ezohiko plenoaren balorazioa plazaratu du

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

EH Bilduk hilaren 12an ospatutako ez ohiko plenoaren balorazioa plazaratu du. Taldearen hitzetan, udal gobernuak pasa den otsailaren 1ean udal web gunean kaleratutako oharrean oposizioa «gutxietsi zuen». «Ez da kontu berria. Izan ere, legealdi osoan 13 zinegotzitik sei izanik, gehiengo osoa balu bezala jokatu du automatikoki, eta oraindik ere jokamolde horren inertziak jarraitzen du. Gerora, oposizioko talde bati azalpen publikoak eman dizkio, «gaizki ulertua» izan zela argudiatuz. EH Bildurekikoa, beraz, ez da gaizki ulertua izan, apropos egindakoa baizik».

Bi eskaera aurrekontuetan

Aurten, udal gobernua gutxiengo erlatiboan egonik, aurrekontuei buruzko negoziaketa «inoiz baino sakonago» eraman dela azaldu dute EB Bilduko kideek.

«'Edo guztien adostasunez aurkezten ditugu, edo bestela aurrekontuak luzatu egingo dira' esan zigun udal gobernuak». Hala, taldeak «epe motzeko interes partikularrak alde batera utzi» eta negoziaketei ekitea erabaki zutela azaldu dute, «gure iniziatibek, behingoz, aurrekontuetan lekua izan zezaketela ikusita, baina jakinik gure eskaerak ondo neurtu beharko genituela, aurrekontuek aurrera egingo bazuten».

Bi eskaera konkretu egitea erabaki zuten: Uztaileko udalekuen garaian bi urtekoen zaintza zerbitzua Udalak berriro ere zuzenean ematea eta Urola eskualdeko hedabideak batzeko prozesuari bultzada tinkoa ematea, aurreko legealdian ematen ziren diru-laguntzak berreskuratuz. Pare bat elkarrizketa saio eta gero, akordioa lortu zuten bi eskaera horiek aurrekontuetan biltzeko. EH Bilduk egindako bi ekarpenak aurtengo aurrekontuetan txertatu dira.

«Akordio bat lortzen denean denona da, eta eskaera horiek dirutan xumeak zirelako onartu zirela esatea, udal gobernuak babesten ez dituela azpimarratuz, leialtasun falta da», diote, eta gaineratu dute: «abenduko osoko bilkuran alkateak inolako esplikaziorik eman gabe atera zuen gai-ordenetik EH Bilduk aurkeztu zuen mozioa, bi urtekoen zain- tza zerbitzua berreskuratzeko eskatzen zuena, errespetu falta handia erakutsiz, eta guk dakigula, aurrekaririk ez duen aldebakarreko erabakia hartuz».

Bestalde, aipatutako oharrean autogestioari buruz egiten den iruzkina «erabat barregarria litzateke iraingarria izateko zantzu guztiak ez balitu. Beraz, probokazioa izan da, harropuzkeriaz eta leialtasun faltaz gauzatuta. Legealdi osoan ikusi dugun talante autoritarioaren adierazle bikaina», amaitu du Zumaiako EH Bilduk.