Borrar
Benasque. DV

Zumaia

Benasqueko Haranetik Oô Bailarara, uztailean Indamendirekin

Bi eguneko zeharkaldia egin nahi dutenek hilak 30a baino lehen eman beharko dute izena

S.U.

zumaia.

Miércoles, 18 de junio 2025

Uztailerako plan berri bat prestatu du Indamendik. «San Pedroetan bezala, Pirinioetara joango gara eta bi eguneko zeharkaldia egingo dugu», aurreratu dute elkartetik. Baina kasu honetan, Benasqueko Haranetik hasiko dira, Huescako probintziako Ribagorza eskualdetik, eta Oô Bailaran amaituko dute, Garona Garaia departamenduan, Okzitania eskualdean.

Ostiralean, uztailaren 11n, Zumaiatik abiatuko dira 15:00etan. Arroako bidesarian eta Zarautzen autobusa geratzeko aukera dago, betiere, denborarekin abisatuz, indamendi1@gmail.com-era.

Benasqueko Mendi Eskolara joango dira gaua pasatzera. Hurrengo egunean, larunbatean, Llanos del Hospital-era autobusean igoko dira. «Bertan Remuñe bailaran sartuko gara, Remuñe eta Arenal iboiak igaro ondoren, Portal de Remuñe-ra iritsiko gara (2.847 metro)». Hemendik aurrera, bi aukera egongo dira. Alde batetik, Ibón Blanco de Literolaren eskuinetik joan eta Perdiguero (3.219 metro) igo. «Tontor hau Posets-Maladeta Parke Naturalaren barruan dago, eta Pirinioetako bi tontor garaienen, Aneto eta Posets mendien, behatoki zoragarria da. Gailurrera igotzen den ibilaldiak 12 kilometro eta 1.600 metro desnibel positibo eta 800 metro desnibel negatibo ditu».

Eta beste aldetik, iboiaren ezkerretik joan eta Portilló de Lliterola-ra (2.981 metro) jo. Gailurra saihesten duen ibilaldiak 11 kilometro eta 1.300 metro desnibel positibo eta 500 metro desnibel negatibo ditu. «Batetik edo bestetik joan, Portillon aterpean amaituko dugu, bertan afaldu, lo eta gosalduz».

Igandean, uztailaren 13an, Lesat (3.107 metro) gailurra igo ondoren, Portillon aterpera itzuliko dira, eta Oô Bailaratik jaitsiko dira. «Bidean Saussat, Espingo eta Oô aintziretatik igaroko gara, Les Granges d´Astau-n bukatuz zeharkaldia. Ibilaldi honek 15 kilometro eta 600 metro desnibel positibo eta 2.000 metro desnibel negatibo ditu. Baina, gailurra ez egitea aukeratzen bada, ibilaldiak 11 kilometro eta 150 metro desnibel positibo eta 1.500 metro desnibel negatibo ditu», azaldu dute.

Eguraldiagatik edota antolaketa-arrazoiengatik pentsatutako ibilaldietan aldaketak eman daitezke.

Izen-ematea

Asteburuko irteera honen prezioak ondorengoak dira: bazkide diren helduentzat 150 euro, bazkide ez diren helduentzat 190 euro, eta adin txikikoentzat 130 euro. Preziotik kanpo geratzen dira: ostiraleko afaria eta larunbateko eta igandeko bazkariak.

Izena emateko epea ekainaren 30ean itxiko da; edo plazak agortzen direnean (25 plaza daude).

Bidaia egitera animatzen denak hurrengo kontu zenbakian sartu beharko du dirua ES27 3035 0037 44 0370007083 (Laboral Kutxa).

Diru sarreraren ordainagiria elkartearen posta elektronikora bidali beharko da (indamendi1@ gmail.com). Irteera honetarako federatuta egotea beharrezkoa izango da (frantziar Pirinioak barne), edo mendiko jarduera estaliko duen aseguru pribatu bat izatea.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Benasqueko Haranetik Oô Bailarara, uztailean Indamendirekin

Benasqueko Haranetik Oô Bailarara, uztailean Indamendirekin