Zumaia
Aratz Unanue ere igo da podioraTaldekako sailkapenean, Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak bigarrena izan zen Lazkaomendiko lasterketan
Jardunaldi oparoa izan du Zumaiako Txirrindulari Elkarteak. Alebin mailatik hasi eta junior mailara arteko lasterketak eta hiru podium lortu dituzte Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak babespean dabiltzan txirrindulariek.
«Lazkaomendiko lasterketa gogorrean, Itzulian profesionalek igo zuten Zaldibitik Lazkaomendiko malda pikoa izan zuen, eta bertan, Danenako bi txirrindularien ondoren, Aratz Unanue izan zen hirugarrena. Hark egin zuen igoerarik azkarrena ere», azaldu du Zumaiako Txirrindulari Elkarteko kide den Arritxu Iribarrek.
Beñat Sainz ere «brillante», seigarren sailkatu baitzen. «Esan daiteke taldeak oro har maila ona erakutsi zuela»: Jon Berasategi 35. sailkatu zen, Lukas Blanco 56., Oñatz Etxabe 74. eta Iker Eizagirre 78. Taldekako sailkapenean, Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak bigarrena izan zen, garaipenetik 40 segundora.
Eta, biharamunean, Astigarragan, lasterketa «oso teknikoan» Beñat Sainz izan zen podiuma zapaldu zuena. Eguneko ihesaldian, parte hartzaileen arteko sei onenak sartu ziren, eta horietatik bi Viveroseko txirrindulariak izan ziren: Beñat Sainz eta Aratz Unanue. «Behin eta berriz saiatu ziren bakarrik alde egiten, baina ez zuten helburua lortu, eta azkenean, seien artean esprintean erabaki zen garailea», azaldu du Iribarrek. Beñat Sainz hirugarren sailkatu zen eta Aratz Unanue bosgarren. Lasterketa 29 txirrindularik bakarrik bukatu zuten. Beñat Sainzek mendiko saria ere bereganatu zuen.
Lazkaomendi eta Astigarragaz gain, maiatzaren 1ean Irurtzen eta Goldaratz arteko lasterketan izan ziren juniorrak, eta bertan Beñat Sainz laugarren sailkatu zen, Aratz Unanue zortzigarren, Jon Berasategi 19. eta Lukas Blanco 20.
Lasterketa asko izan dituzte azkenaldian, eta aste honetan atseden hartuko dute datozen asteak oso garrantzitsuak baitira: Lizarrako Klasikoa, Euskadiko Txapelketa, Gipuzkoa Klasikoa, Gervaisen oroimenezkoa... «hitzordu bereziak datoz, eta indarrak neurtzeko garaia da», adierazi du.
Kadeteek bi lasterketa izan dituzte. Amurrion, maiatzaren 1ean, Gaztetxoak torneoko lasterketan, Unai Egañak sailkapen nagusiko ohorezko postua defendatu zuen, bi lasterketa jokatu eta hirugarrena baita. Amurrion lasterketa esprintean amaitu zen Borja Osa hamazazpigarren izan zen, Unai Egaña 21. eta Xuban Arakistain 47. «Hirurak heldu ziren pelotoi nagusian, eta hauengandik gertu, segundo gutxira, Amets Alberdiren multzoa ailegatu zen». Lasterketa ona egin zuen laukote kadeteak, zer esanik ez larunbatean Seguran. «Lierni eta Zerain azken kilometroetan zirela, Lierniri zortzi txirrindularik aurrea hartu zien, eta zortzikotean sartu zen lehen urteko Borja Osa. Taldetxoa ere helmugarako hautsi zen, eta ia banaka zeharkatu zuten helmugako marra». Borja Osa zazpigarren sailkatu zen, Unai Egaña 21., Xuban Arakistain 34. eta Amets Alberdi 56. Asteburu ona osatu dute kadeteek, eta hauek bihar Muskizen izango dute lehiaketa.
Infantil eta alebinek Gipuzkoako txapelketan parte hartu zuten. Kimu mutiletan bere txanda irabazi arren, denboraren arabera, Mikel Otaño Gipuzkoako azpi txapeldun gelditu zen, «beste txandako irabazlea bizkorrago ibili baitzen». Galder Zumeta, azken itzulia aurretik atzeratu zen, bere aurrean izandako eroriko batek eten egin baitzuen pelotoiarekin zuen lotura. Nesketan Mairi Lejarreta podium atarian gelditu zen.
Infantiletan, sailkatzeko txandak jokatu ziren, eta txanda bakoitzetik 20 lehenak sartu ziren finalean. Zumaiako txirrindulari elkartetik titulua jokatu ahal izan zuten Oinatz Alberdik eta Julen Alkortak; finaletik kanpo gelditu ziren Mikel Egaña eta Aimar Martinez. «Azken lasterketan ondo defendatu ziren Alberdi eta Alkorta, eta azkenean, eroriko handi bat saihestu eta Oinatz Alberdi 14. izan zen, eta Julen Alkorta 21.». Nesketan, finala jokatu zen zuzenean: seikote bat nabarmendu zen, euren artean Amalia Agirre; bosgarren sailkatu zen zumaiarra. Ondorengo multzotxoan ailegatu ziren Inge Zumeta eta Amaia Agirre.
Asteburu honetan taldekako erlojuaren aurkakoak jokatuko dira Astigarragan, eta bertan parte hartuko dute Zumaiako Txirrindulari Elkarteko alebin eta infantil mailakoek.