Ainara Garciaren 'Naturari begiradak' ikusgai Oxford aretoan

'Naturari begiradak' erakusketa naturarekin eta erretratuekin lotutako 60 argazkiz osatuta dago, urtaroen arabera sailkatuta. /  SARA UTRERA
'Naturari begiradak' erakusketa naturarekin eta erretratuekin lotutako 60 argazkiz osatuta dago, urtaroen arabera sailkatuta. / SARA UTRERA

Naturarekin eta erretratuekin lotutako 60 argazki inguru daude erakusgai maiatzaren 1era arte

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ZUMAIA.

Ainara Garciaren 'Naturari begiradak' izeneko erakusketa dago ikusgai Alondegiko Oxford aretoan. Naturarekin eta erretratuekin lotutako 60 argazki inguru daude erakusgai maiatzaren 1era arte, egunero, 18:00etatik 20:00etara.

Ainara Garcia egilea, geologoa eta argazkilaria da, izatez hernaniarra, baina Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroan dabil lanean ingurumen hezitzaile bezala azken hamar urteotan. Zumaiarekiko lotura nabaria da Ainararen argazkietan, izan ere erakusketako argazki batzuk herriko naturaguneetan ateratakoak dira, Itzurungo hondartza esaterako.

Argazkilaritza duela 20 urte ikasi zuen Ainarak Hernanin. «Une horretan oraindik ez ziren argazki kamera digitalak erabiltzen, eta aitaren analogikoarekin ikasi nuen argazkiak ateratzen», azaldu du. Etxean ere argazkiak errebelatzeko laborategi bat prestatu zuen. Ondoren, kamera digitalen iraultza iritsi zen eta argazkilaritza alde batera utzi zuen 2009ra arte. Ondoren, kamera digitala erosi eta erakusketan ikus daitezkeen argazki gehienak atera ditu 2012 eta 2019 urteen artean.

'Naturari begiradak' erakusketan naturako argazkiak aurkitzen dira gehienbat, baina horrez gain Ainararen azken lan batzuk ere ikusi daitezke: naturan egindako erretratuak. Duela hiru urte semearen etorrerak bere bizitzan «eragin nabaria» izan zuela azaldu du, baita argazkilaritzaren ikuspuntutik ere. Ordutik, begiratzeko modua aldatu da eta orain argazkilaritzako bi elementuak uztartzen ditu gehienbat: natura eta erretratuak. «Haurrak naturarekin duten konexio magiko hori harrapatzea dut gustukoen». Horrela, azken urteotan erretratuak egiten dabil gehienbat: haurrekin, familiekin, haurdunaldiekin, etab.

Orain arte hainbat argazki erakusketa kolektiboetan parte hartu badu ere, Zumaiakoa da bere bakarkako bigarren erakusketa, aurretik Hernaniko Biteri Kultur Etxean izan da.

Urtaroen arabera sailkatuta

Erakusketako argazkiei jarraipena emateko asmoz, urtaroen arabera sailkatu ditu Ainarak bere argazkiak, negutik hasita, udaberrian naturaren esnatzeari jarraituz, uda zeharkatuz udazkeneraino, ziklo osoa bete arte. «Urtaroen bidaia honetan, koloreen degradazioak ikusi daitezke; neguan kolore hotzeko argazkiak ikusten dira, udaberrian kolore biziak antzeman daitezke; ondoren udako kolore beroak nagusitzen dira eta udazkeneko kolore biziak antzeman daitezke erakusketaren amaieran», argitu du Ainara Garciak.

'Naturari begiradak' erakusketa maiatzaren 1era arte bisitatzeko aukera izango da, Alondegiko Oxford aretoan.