'Ziaboga-ciaboga' traineruen historia kontatzen duen dokumentala, bihar Orion

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ORIO.

Orioko Udala eta Arraun Elkarteak antolaturik, 'Ziaboga' dokumentala proiektatuko da bihar 19:00etan, Arraunetxen. Iñaki Pinedo bilbotarrak zuzendutako 'Ziaboga- Ciaboga' izeneko dokumentalak Bizkaiko Golkoko traineruen historia kontatzen du. Iñaki Pinedok lau dokumental zuzendu ditu orain arte: 'El hombre que murió dos veces' (2003); 'Marea' los efectos del Prestige en Cantabria (2004); 'La Escuela Fusilada' (2006) eta, 'Los Otros Guernicas' (2011).

Pinedok, Angel Obregon kantabriarrarekin batera prestatu du 'Ziaboga- Ciaboga' dokumentala. Angel Obregon ezaguna da traineruen munduan, dokumentazio-lan handia egin duelako. Dokumentalak 72 minutuko iraupena du eta, osatzeko, 30 elkarrizketa baino gehiago egin ditu Iñaki Pinedok traineru-estropaden protagonistekin. Tartean, jakina, oriotarrekin. Pinedo eta Obregon Orioko proiekzioan izango dira eta ikusleen galderei erantzungo diete. Arraun mundua oso ondo ezagutzen dute biek ere eta dokumentalak «etnografiko» kutsua du: arraun mundua, arraun kultura, alegia...; zer garen eta nora goazen jakiteko, nondik gatozen ezagutu behar.

Sarrera doan izango da eta Udalak mikrobus zerbitzua jarriko du herriko plazatik Arraunetxera. 18:30ean hasiko da zerbitzua eta joan-etorrian ibiliko da.