Zestoaren aurkako berdinketak ez du gustura utzi Keta Babyauto

Lazkano. Anderren golak puntu bat eman zion Ketari. /  AMAXKAR
Lazkano. Anderren golak puntu bat eman zion Ketari. / AMAXKAR

Getariarrak nagusi izan ziren partida osoan zehar baina baloiak ateko biderik ez zuen topatu

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Iñaki Azpitarteren mutilek gorakada nabarmena egiteko aukera zuten joan den ostegunean, Santu Guztien egunera aurreratutako zortzigarren jardunaldian. Mendibeltz futbol zelaian Zestoa zuten aurkari eta sailkapena ikusita hiru puntuak lortzeko partida zuten getariarrek.

Azken sailkatua zure etxera etor-tzen denean beti garaipena lortzea eskatzen du zaleak eta Mendibeltzen ikusitakoaren arabera, irabazteko meritu ugari egin zituen Ketak baina nagusi izan arren baloiak Zestoako atea behin bakarrik zulatu zuen eta aukerak asko izan zituzten.

Partida aldapa gora jarri zitzaien berehala etxekoei, hasi eta minutu gutxira Zestoak gola lortzen bai-tzuen eta honek indarrak eman zizkien bisitariei. Ez zuten etsi Babyautoko jokalariek eta zestoarren atearen bila atera ziren. Hogeigarren minutuan Ander Lazkanok berdinketa jarri zuen markagailuan. Oraindik denbora asko geratzen zen partida erabat iraultzeko eta lan horri ekin zioten getariarrek.

Aukerak behin eta berriro errepikatzen ziren, jokaldi sinets ezinak, jarraian bi zutabe jo eta baloia kanpora adibidez, eta minutuak aurrera joan ziren markagailuko berdinketa hautsi gabe. Azkenean puntu banaketa eta getariarrentzat aukera oso ona zena sailkapenean onenen artean sartzeko une batez horretan geratu da. Dena den Idiazabalekin berdinduta daude zazpigarren tokian eta datorren asteburuan beste partida interesgarria izango dute, sailkapenean arazoak dituen beste talde baten aurka, Beasain, azken lau partidak galdu dituen taldea. Baina Zestoak erakutsi dio asteburuan arerio errazik ez dagoela Gorengoen mailan eta gogoz ekin beharko diote berriz garaipena etxera ekarri nahi badute.

Aretoko gazte mailako taldeak, bere aldetik, etxetik urrun bigarren garaipena lortu zuten asteburuan. Larunbatean Donostiako Pio Baroja kiroldegian 3 eta 5 nagusitu ziren getariarrak. Zelaiko futboletik datozen mutilak dira eta egokitzeko denbora behar zutela jakina zen baina bizkor dabiltza eta gero eta hobeto jokatzen ari dira. Getariar golegileak Ander Lonbide, hiru golekin, eta Jokin Aizpuru eta Oihan Larrañaga, banakakoarekin, izan ziren. Datorren asteburuan sailkapenean atzetik duten Goierri taldea hartuko dute Sahatsaga kiroldegian.

Keta Babyauto taldeen errepasoarekin amaitzeko, saskibaloiko taldearen garaipen berria aipatu behar. Oraingoan Donostiako Mons kiroldegian lortutakoa izan da, CD Internacional taldeari 41 eta 67 nagusitu zitzaien. Hiru partida eta hiru garaipen, beraz lehen postuan ditugu une honetan getariarrak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos