Zestoa iluna geratzen ari dela dio EH Bilduk

Plazan jarri diren argiek ere kritika zorrotzak jaso dituzte./
Plazan jarri diren argiek ere kritika zorrotzak jaso dituzte.

«Gune ilunak ez argitzeaz gain lehen hainbestean argiztatuak zeuden guneak ilunduta gelditu dira, plaza nagusia tarteko» dio koalizioak

K. ARRIZABALAGA ZESTOA.

«Bere garaian herriko argiteria publikoa 10 urterako esku pribatuetara pasatzea zorrotz kritikatu genuen eta horretarako erabili genituen argudioak behin eta berriz baieztatzen ari dira», dio Zestoako EH Bilduk, kaleko argiteriaren inguruan enpresa pribatu bat egiten ari den aldaketa dela medio.

2017ko uztailean erabaki zuen bere gehiengoa erabilita EAJko udal gobernuak argiteria publikoa esku pribatuetara pasatzea nahiz oposizioa eta udal langileria aurka izan. Esleipen edo adjudikazio prozesua bera nahiko konplikatua izan da, besteak beste aurkeztutako enpresa batek helegitea jarri zuelako eta ondorioz urte eta erdiko atzerapena pairatu dugulako. Adjudikazio prozesuan Udalak kanpo aholkularitza ere erabili behar izan du, horrek suposatu duen gain-kostuarekin.

«Duela hilabete inguru hasi ziren argiteria aldatzen, enpresak aldez aurretik gune ilunen azterketa sakona egina zuela esan zitzaigun eta emaitza orain iritsi da. Gune ilunak ez argitzeaz gain lehen hainbestean argiztatuak zeuden guneak ilunduta gelditu dira. Hau gutxi ez eta gure herriko nortasun ikur nagusienetariko gunea, plaza nagusia alegia, argiztapen oso baxuarekin utzi digute eta argi berrien euskarrien eragin estetikoa ere benetan zatarra da», salatu dute.

Azpeitian udal langileek egin dute -eta jarraitzen dute egiten- argiteriaren aldaketa, urtero 300-400 argi puntu inguru aldatuz. «EH Bildutik gauza bera planteatu genuen Zestoarako, horretarako nahikoa giza baliabide eta ahalmen ekonomikoa bageneuzkalako. Azpeitian kaleen argiztapen aldaketak emaitza onak izan ditu, besteak beste Zestoan jarritakoak baino kalitate hobeagoko gailuak jarri dituztela egiaztatu ahal izan dugu eta gurean berriz pribatizazioaren zentzugabekeriak berriro ilundu gaitu».

Iluntasun hau konpontzeko «intentsitate elektriko gehiago sartuta konponduko dela ere esan digute baina Zestoan intentsitatea elektrizitatean baino beste lekuren batean falta dela beste behin sobera demostratua gelditu da. Inolako beharrik gabe argiteria eta honen energia horniduraren kudeaketa osoa 10 urterako kanpoko enpresa pribatu baten esku utzi da, epe horretan enpresak jasoko ditu guztion diruarekin sortutako etekin ekonomiko guztiak eta energia bezalako alor estrategiko baten kontrol publikoa galduko da», dio EH Bilduk argiteria pribatizatzeko erabakia salatuz.

Azkenik «Zestoako EAJren Udal Gobernuak beste behin interes pribatuak interes publikoen gainetik jarri dituela ikusita, EH Bilduk zerbitzu publikoen kudeaketa eta kontrol publikoaren aldeko aldarria egiten du eta argiteriarekin egin den 'txapuza' ikusita berriro argiteria Udalaren eskuetara itzultzea eskatuko du».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos