Zarauztarrak, onenak Ostiral Santuan

Elkarrekin. Iribar torneoan sarituak izan ziren lau taldeek batera atera zuten sari banaketaren amaieran argazkia, Athletic, Orioko, Zarautz eta Zumaiako mutilak. / ARGAZKIAK AMAXKAR
Elkarrekin. Iribar torneoan sarituak izan ziren lau taldeek batera atera zuten sari banaketaren amaieran argazkia, Athletic, Orioko, Zarautz eta Zumaiako mutilak. / ARGAZKIAK AMAXKAR

Kirol Elkarteko harrobiak ostiraleko bi torneoak irabazi zituen, mutilena eta neskena, Astin |

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Zarauzko Kirol Elkarteko futbol atalak azken urteetan egiten ari den lan bikainaren fruituak jasotzen ari da. Aste Santuko oporraldia aprobetxatuz, Astiko kirol gunean futbol torneo ezberdinak antolatzen dira eta Ostiral Santuan lehiatu ziren bietan garaileak etxekoak izan ziren.

Giro oso onean lehiatu ziren goiz eta arratsalde gaztetxoek futbol partidetan eta ikusle ugari ere erakarri zituzten Astira. Euskal futbol talde askoren harrobia ezagutzeko aukera ematen dute torneo hauek.

Goizetik XV. Jose Angel Iribar torneoa lehiatu zen alebin mailan. Denera 16 taldeek parte hartzen zuten eta euskal harrobiko talde indartsuak barne, Erreala edo Athletic esate baterako. Zarauzko hiru talde ere lehian izan genituen eta hauetako bat izango zen amaieran garaile.

Final erdietara Zarautz, Athletic, Zumaiako eta Orioko sailkatu ziren eta bi partidetan emaitza berbera izan zen, 2 eta 1 Zarautz eta Oriokoren alde. Jarraian, finala eta hirugarren posturako partidak jokatu ziren Asti futbol zelaian. Athletic nagusitu zitzaion Zumaiakori 5 eta 2, eta final handian zarauztarrak gol zaparrada lortu zuten Oriokoren aurka, 7 eta 1 nagusitu ziren zarauztar gaztetxoak joko ikusgarria eginaz.

Ondoren, sari banaketari ekingo zitzaion eta, talde guztiak euren oroigarriak jaso eta gero, elkarrekin denak batera argazki bat atera zuten. Iribar torneoa denez, urtero Jose Angel berak torneoko atezain onena hautatzen du eta XV. edizio honetan Athletic taldeko atezaina izan zen saritua, Martin Urien.

Bestalde, arratsaldean Nesken II. Futbol Torneoa lehiatu zen. Hauek liga labur bat izango bazen bezala, denak denen aurka jokatu zuten partida ederrak eskainiaz eta gehienak oso borrokatuak, zaleen interesa indartuz arratsalde osoan.

Bost talde Astiko instalazioetan elkartu ziren, Zarautz, CD Mariño, Goierri Gorri, Real Sociedad eta Zumaiako. Ligaxka oso parekatua izan zen, baina amaieran lehen postuan eta txapeldun etxeko nesken taldea atera zen, Zarautz KE. Bigarren postuan Mariño CD sailkatu zen, hirugarrenean Goierri Gorri, laugarren Real Sociedad eta bosgarren eta azken postuan Zumaiako.

Txapelketa honetan ere jokalari onenaren saria banatu zuten eta Goierri Gorri taldeko atezaina izan zen onena bezala hautatua, Alazne Estensoro.