Zarauzko AEK Euskaltegia egoitza zaharra utzi eta berrira aldatuko da
Azken hamarkadetan Araba kalean zuten txokoa Zuberoa kalera pasako da ikasturte berria hasterako
JUAN MARI ZUBIAURRE
Zarautz.
Asteazkena, 15 iraila 2021, 00:05
Salberdineko etxebizitza berriek inguruan eragin zuzena izan dute. Bertako eraikin zaharrak bota behar dira eta hauen artean Zarauzko AEK Euskaltegia urte askotan izan den ... egoitza aurkitzen da, Araba kalean, Lanbideko bulegoen gainean.
Honek toki aldaketa ekarriko du, Udalak utzitako txoko berria gaur bertan inauguratuko dute, Zuberoa kalean eta aurrerantzean egoitza berrian izango dira lanean. Bertoko hiru lagunekin bildu gara, Eukene Caballero Urola Kostako AEKren arduraduna, Amaia Zaldua Zarauzko AEKren arduraduna eta orain arte lan hauek egin dituen Amaia Olazabal.
Gogoan dute lehen aldiz orain arte euren egoitza izan den txokoan sartu ziren eguna, «oso eraikin zaharra, industriala guztiz, eta etxebizitza bat zen. Olman gainean zegoen etxebizitza bat eta hori euskaltegi bihurtu zuten. Egia da lekua zoragarria zela, terraza handia zeukan eta argitasun ikaragarri ona baina eraikuntza oso zaharra zen eta gu sartu ginenetik beti izan dugu bota egingo zigutelaren mamua. Salberdineko proiektua aspalditik dator eta bazirudien edozein unetan kaleratu egingo zigutela baina luze joan da».
Bere garaian Goizane zuzendari zela toki berriaren bila ibilitakoa zen. Jakinik gainera bertatik atera egin beharko zutela, «eraikinean berrikuntzak egiteak ez zeukan zentzu gehiegirik. Beti kanporatuak izango ginela pentsatuz aldaketa txikiak egiten genituen, margotu genuen goitik behera eta azken urteetan leihoak ere aldatu beharra izan genituen, izan ere ikasleek hotza pasatzen zutela adierazten ziguten».
Egoera horretan tokiak begiratu zituzten, alkatearekin hitz egin ere eta erosteko lokala begiratu ere, «baina Zarautzen ezinezkoa zen, guk zerbait handia behar dugu eta ezinezkoa da gure herrian, oso garestiak daude txokoak».
Ikasleek «gu baloratzerakoan beti kexa bakarra egoitzarena izan ohi da, azpiegiturarena, horrek gure zerbitzua ona dela adierazten du. Gurea izango bazen edo ziurtatua egon epe luzerako izango zela, zerbait egingo genuen baina ez zen hori bizi genuen egoera».
Euskaltegiko arduradunek beti izan dute Udalera jotzeko joera, «guk behar ditugun baldintzak beteko dituen lokal bal lortzea ezinezkoa zen. Udalarekin hainbat bilera egin ditugu, legealdi ezberdinetan. Gure beharrak asetzeko irisgarritasuna bermatu behar da eta metro karratu dezente behar ditugu. Araba kaleko egoitzan noizbait gertatu da norbaitek hanka puskatu eta ezin etorri. Matrikulatzerakoan ere, elbarritasun bat izan ezkero atzera botatzen ziren, bertako eskailerak ez dira txantxetakoak. Egoitza hori probisionalki hartutako lokala zen, aurkitu dugun kontratu zaharrena 96koa da eta horrek erakusten du uste gabean luzatu egin dela baina baldintzak ez ziren egokienak. Argazkiak ikusita ohartu gara lehenago ere beste txoko batzuk izan ditugula, Villa Munda adibidez, baina beti utzita eta etorkizun gehiegirik gabe».
Kanporatuak
Joan den urte amaieran jakitera eman zitzaien Araba kaleko egoitzatik atera behar zutela, «urrian bidali ziguten kanporatuak izango ginelaren abisua, sei hilabeteko epea genuen egoitza hustu eta alde egiteko. Une horretan larritu ginen zeren ikasturte erdian utzi beharko genuen egoitza eta Udalarekin ez genuen ezer adostuta. Elkarrizketa batzuk izan eta gutxienez lortu genuen ikasturte amaiera etorri bitartean bertan egotea».
Hurrengo urratsa Udalarekin toki bat adostea izan zen, «ordurako lokal berriaren inguruan hitz eginda ginen. Urtarrilean egutegi bat prestatu genuen, Zuberoa kaleko lokalak herriko beste elkarte batzuk erabiltzen zituzten baina ez zeukaten ezer, zeru eta lur zegoen, adreiluzko hormak, sabairik ez, lurrik ez eta argi toma bakarra».
Arkitektoarekin proiektua garatzen hasi ziren, «eta Aste Santurako lanean zeuden. Bi hilabete eta erdian bukatu dute. Oso txoko ederra geratu da. Hiru gune ezberdin daude eta ez dira elkarrekin komunikatzen. Dena den kanpotik batetik bestera joan daiteke aterpetik. Lehen gunean gela diafano bat daukagu, momentuz areto bezala utzi duguna. Erdiko gunean bulegoa, irakasle gela, ikasgela bat, autoikaskuntzako gela, biltegia eta komuna daude eta hirugarren gunean hiru ikasgela daude eta komuna. Lehengo egoitzatik hona etorrita hau guretzat palazio bat da».
Udalarekin harremana ona izan da, «baina hasieran ez zegoen lokalik eta negoziatzea ez zen erraza izan. Ezezkorik ez ziguten ematen baina baiezkorik ere ez. Azken urtean beraiek ere ikusi zutenean kalera gindoazela gauzak bizkortu egin dira».
Lagapenean utzita
Zuberoa kaleko egoitza berria Udalak lagapenean utzi dio AEKri, «behin lokal berria eskaini zigutenean lanak aurrera eramaten hasi ginen. Udalak lokala lagapenean utzi digu eta obra guztia AEKren esku geratu da. Dirutza itzela izan da. Inbertsio handia eta gauden egoeran erabaki gogorra. Ez dugu ahaztu behar joan den urtean egin behar zela Korrika, gure diru iturri nagusia eta pandemiak bertan behera utzi zuela. Egoera ekonomiko larrian geratu gara kontutan izanik Korrikak bi urterako aurrekontua ematen digula, euskaltegia mantentzeko bermea ematen diguna. Hori bukatu da eta Korrika bai edo bai egin beharra dago zeren obraren kostua ere hor dago. AEK herriaren laguntzarik gabe ez litzateke egongo. Gu ez gara enpresa pribatu bat, irabazi asmorik gabeko elkarte bat eta ateratzen den dirua soldatak ordaindu eta geratzen dena euskararen inguruko ekimenetan erabiltzen da».
AEKren apustua Zarautzen handia izan da, «eta espero dugu egoitza berri honek ere jendea erakartzea, oso pozik gaude emaitzarekin eta orain etekina atera behar diogu. Zoritxarrez gurean oraindik asko daude euskaraz ez dakitenak edo erabiltzen ez dutenak, euskalduntzeko beharra badago oraindik. Euskaltegitik kanpo ere beste hainbat ekimen burutzen ditugu euskararen inguruan».
Matrikulazio epea zabalik dago irailak 23a bitartean. «Espero dugu jende asko etortzea egoitza berrira, bulegora etor daitezke zuzeneko arreta jasotzeko eta aurrez telefono honetara deitu, 688 746 644, edo idatzi zarautz@ aek.eus emailera. Komeni da norberak bere telefono zenbakia ematea gu beraiekin harremanetan jartzeko.
¿Tienes una suscripción? Inicia sesión