Zarautz Abesbatzaren udako kontzertua Frantziskotarretan

Gaur gaueko 22:00etan hasiko den emanaldian Zarautz Abesbatzak eliz kantak, euskal kantak, eta abar abestuko ditu

ANTXON ETXEBERRIAZARAUTZ.

Zarautz Abesbatzak urteko udako kontzertua emango du Frantziskotarren elizan gaur gaueko 22:00etan. Abesbatzak oraingo honetan kantu sorta anitza abestuko ditu: eliz kantak, euskal kantak, beltz espirituala, atzerriko kantak...; ongi pasatzeko unea izango da, hau ere kantu gozoz eta atseginez lagundurik. Emanaldi honen ondoren, abesbatzeko abeslariek ongi merezitako oporrak hartuko dituzte.

Zarautz Abesbatzak urtea hasi zenetik hona aktibitate handiko hilabeteak izan ditu: Santa Ageda bezpera, Maitasun kontzertua, Bruselako bi kontzertu eder, Musika Eguneko kontzertua, ezkontza, Wisconsineko abesbatzarekin batera Donostian emandako kontzertu bikaina eta oraingoan, udako kontzertua.

Abesbatza eskolako bi taldeen emanaldiak ere antolatu dituzte, Korrika ekimeneko kontzertuarena, kultur aniztasunaren ekintzako emanaldia eta Udaberriko kontzertuarena San Pelaioko elizan, besteak beste. Emanaldi hauez gain, beste herriko hiru abesbatzen kontzertuen antolaketaz arduratu dira: Kantabriako abesbatzarena, Gorlizko Lirain abesbatzarena eta Aita Donostia abesbatzarena.

Irailera arte, oporrak

Irailako lehen egunetik entseguan hasiko da Zarautz Abesbatza, urtero moduz, irailak 8an Frantziskotarren elizan arratsaldeko 20.00tan, Arantzazuko Amaren Salvea abesteko asmoz. Aurten, Sta. Zezilia egunerako (azaroak 22rako) kontzertu berezi bat antolatzen ari dira Zarautzko Aritzbatalde kiroldegian. Herriko abesbatza guztiak: Zarautz Abesbatza, Zarautz-Txiki abesbatza, Txinpirin abesbatza, Montetxio abesbatza, Udaberri abesbatza eta Schola Cantorum parrokiako abesbatza, Zarautzko Musika Bandarekin eta herriko Txistulariekin batera Euskal konposatzaileen lanak interpretatzeko aukera izango dute eta bereziki, zarauztar musikari baten lana, Gonzalez Arroitajautaregi (Zapateria Dorronsoroneko aitona) musikariaren lana, hain zuzen ere. Abendurako berri bat dute,baina ez dute gehiago aurreratu nahi.

Sorpresaz eta ilusioz betetako talde honek, Zarautz Abesbatzak, entseguak astean bi egunetan izaten ditu, astearte eta ostegunetan, 20:30/21:00tatik 22.30ak arte. Abesbatzako Laguna egiteko aukera ere badago eta 10&euroren truke Abesbatzako Lagun izan zaitezke.