Xabier Saldias (Egan taldeko sortzailea eta abeslaria): «Zorte handia izan dut; gustoko lana egin eta gainera kobratzen»

Xabier Saldias, malekoian orain egun gutxi batzuk./ETXEBERRIA
Xabier Saldias, malekoian orain egun gutxi batzuk. / ETXEBERRIA

ANTXON ETXEBERRIAZARAUTZ.

Xabier Saldias Orbegozo aski ezaguna da gure artean. Egan taldeko sortzailea eta abeslaria, erretiroa hartu eta gero, orain dela hamar hilabete, gure artean bizi da Zarautzen. Azpeitian jaio, ezkondu ondoren Donostian bizi eta orain Zarautzen. Gaur egun, proiekturik ez zaio falta jubilatuta egon arren, 67 urterekin: telebistan 'Bagoaz' programan coach modura ikusi dezakegu, otsailean Eusko Jaurlaritzarekin San Frantziskora doa... Hala ere, batipat eguneroko bizitzarekin disfrutatzen du Xabierrek.

-Xabier, zergatik desegin zenuten Egan taldea?

-Zirkunstantzia desberdinengatik desegin zen. Nik jubilatzeko adina harrapatu nuen, 65 urte eta 4 hilabete; gure musiko bat Holandara joan zen tronboiaren ikasketak osa-tzera... Hala ere, taldekideek jarraitu nahi bazuten, aurrera egiteko esan nien. Izan ere, nik oso gustora egin izan dut nire lana; bai abestea, eta baita aurretik eta atzetik egin behar izaten zen lana ere. Horrela nire lana izaten zen, esaterako, kamioa gidatzearena, musika ekipoak montatzea eta, amaitutakoan, desmontatzea... Lan horiek neketsuak izan ohi ziren. Kanta-tzea bakarrik balitz ...

«47 urtetan ibili gara herriz herri; 5.000 emanaldi inguru eskaini ditugu»«Seguraski gehien kantatu izan dugun abestia 'Behin batean Loiolan' izan da»«Azpeitian jaio, Donostian bizi eta nire hezurrak Zarautzen utzi nahi ditut»

-Zuen abestiekin bikote mordoa ezagutu eta osatu da?

-Bai, halaxe da; 47 urtetan ibili gara herriz herri eta Euskal Herriko toki guztietan jo dugu; nire kalkuluen baitan 5.000 emanaldi inguru eskaini ditugu. Gogoratzen dut urte batean 212 dantzaldi eman genituela, eta azkenean ez nekiela non nenbilen ere. Bataz baste, urtean 100 bat dantzaldi eskaintzen genituen. Eta jakin-bagenekien, leku bakoitzean zer jo, nori eskaini abestia, 'psicología de masas' deitzen dena. Hau Joxepa Frantziskari eskainia, bestean Joxepa Antoniri ... Ez da ezer kostatzen jendea gustora uztea.

-Eta kanpoan jotzeko aukerarik ez zenuten eduki?

-Bai, baina gurea euskal abestia izan da, eta beti arrisku moduko zerbait sentitu izan dugu hemendik kanpo jotzean. Behin batean Jose Luis Morenok gure abesti tirolesa entzun zuen Miramonen eman genuen gala batean. Ikaragarri gustatu zitzaion eta Espainia mailan bira bat egitea proposatu zigun; ba ezezkoa eman genion.

-Xabier, zu musikatik bizi izan zara beti?

-Bai. Gaztetan enpresaritza ikasten hasi nintzen eta, aldi berean, Ormaiztegiko Los Zubis taldean abesten nuen nire lehengusua 'Shubert' Francesenarekin. Euskarazko abeslari bat behar zutela esan zidaten eta ni hasi nintzen beraiekin. Hortik Egan taldea sortu genuen 1970. urtean. Beste taldekideek lana zuten taldetik kanpo. Nik ez eta euskarazko abestiek zuten arrakasta ikusirik, herriko musikariekin taldea osatzea erabaki nuen eta horretan izan naiz iaz erretiroa hartu artean.

-Musika eta letrak zuk egiten dituzu?

-Bai, gustoko abestien bertsioak egin izan ditut, ingelesetik euskaratuak, baina nire erara. Hortik bizi izan naiz. Hiru seme-alabekin, garbi neukan dirua ekarri behar nuela etxera eta abesti komertzialak abestuz bizi izan naiz. Zorte handia izan dut, gustoko lana egin eta gainera kobratzen... Beraz, musikatik bizi daiteke, ni behintzat hala bizi izan naiz. Ez gara asko, baina bizi daiteke. Eta hori, gurasoek garai haietan ez zidatela horretara animatzen. Zortzi anai-arreba gara, ni bigarrena, eta musikatik ezingo nintzela bizi esaten zidaten. Hala ere, nik kasurik ez nien egin eta aurrera jarraitu nuen.

-Zein talde izan dituzu gogokoenak?

-Gazte garaitan Beatles-ekin txoratzen nintzen. Gero, The Eagles, eta batez ere niretzat talde handiena Queen, Freddie Mercury abeslariarekin.

-Eta Euskal Herri mailan, talde edo abeslari gustokoenak?

-Bi aipatuko nituzke: Eñaut Elorrieta, Getarian bizi den gernikarra (Ken Zazpi) eta Petti beratarra.

-Dantzaldietan gehien jo dituzuen abestiak?

-Seguraski gehien jo izan duguna 'Behin batean Loiolan' da. Jende askok esan izan digu bikotea abesti hori dantzatuz ezagutu zutela. Eta oraindik ere gogoratzen didate. Guztiz eskertzekoa da, eta, askotan, «bizitza honetan zerbait ona egin diat» pentsatzen dut nire artean.

-Zarautzen ere, urtean gutxienez pare bat aldiz jotzen zenuten?

-Bai, halaxe da, Santa Marinetan eta San Pelaioetan urtero, hutsik egin gabe. Oso gustora gainera, hemen oso maitatuak izan garela usted dut. Santa Marinako jaietan giro bikaina izaten zen urtero, hain leku txikia izanik eta jende guztia gainean zelarik... San Pelaioetan ere, beste horrenbeste. Bi urte pasa ondoren, jendea oraindik ere gutaz gogora-tzen da. Gazte nintzenean ere Zarautzen orduak pasatakoa naiz; garai hartan Lancaster-ekin pala txapelketetan ibiltzen nintzen, Etxaniz, Etxarte, Ayerbe, Miera, Salsamendi eta konpainiarekin.

-Eta duela hamar hilabetetik Zarautzen bizi zara; zer moduz?

-Ni lehen Donostian bizi nintzen, Unibertsitate inguruan, baina jakinduria gutxi sartzen zitzaidan han. Hemen, berriz, Xabier Zabalaren musikarekin; Euzkitze eta Andoni Egañaren letrekin; Eñaut Elorrietaren kantuekin, Benito Lertxundiren ahotsarekin... Hemen baina hobeto non? Guztiak inguruan dauzkat. Azpeitian jaio, Donostian bizi eta nire hezurrak Zarautzen utzi nahi ditut. Hori da, behintzat, nire asmoa.

-Eta orain hemen Zarautzen, nola igorotzen duzu eguna?

-Nire erara disfrutatzen dut. Goizetik, astean lau egunetan malekoiko Jeronimoren gimnasiora joaten naiz, eta beste hiru egunetan Donostian trinketean jolasten dut. Kirola egunero egiten dut, izerdia botatzea ezinbestekoa da niretzat, bestela ez nago gustora. Malekoian daukagun gimnasioa lujo bat da. 9 hilabetetan 5 kilo jaitsi ditut hari esker. Gero, bazkaltzera joaten naiz, Bogara (lehenagoko Klery). Etxepean daukat eta etxean bezala tratatzen naute. Bazkal ostean siestatxoa egin ohi dut eta arratsaldean beti dago zerbait egiteko. Ez naiz txikiteoko gizona, nahiago izaten dut etxean lasai egotea. Malekoira jaitsi eta hondartza eta itsasoaren zabaltasuna ikustea nahikoa ditut gustora egoteko. Eguneroko gauza txikiekin disfruta-tzen dut, ez dut gehiago behar. Ondo bizi naiz; ni baino hobeto bizi dena, txerri galanta. Hori bai, zorion perfekturik ez dago, eta horregatik diot bakoitzak bilatu behar duela bere zoriontasuna.

-Epe laburrera, planik baduzu?

-Beti dago zerbait egiteko. Adibidez, igande honetan (gaur bertan) Orioko Katxiña zaharra itxiko da eta bertan izango naiz abesti batzuk kantatzen; Euskal Telebistako Urte Zaharreko galan ere izango naiz; ETB1-eko 'Bagoaz' programan ere coach bezala nabil... Gaur egun, haur askok horregatik ezagutzen naute eta ez Egan-eko abeslari izateagatik. Bestalde, otsailean Eusko Jaurlaritzarekin Ipar Ameriketara noa, San Frantziskora, bertako Euskal Etxera... Beti sortzen dira planak.

-Eta ez zaizu burutik pasa, Egan-ekin berriz itzultzea?

-Ba, bai; batzuetan gogoa etortzen zaizu, eta ez dut esango ez garenik itzuliko. Agian, hemendik bi urtetara, taldearen 50. urteurrenaren aitzakiarekin, itzuli gintezke, zergatik ez? Bi urte 'sabatikoak' egin, lasai egon, eta urrezko ezteiak ai-tzakitzat hartu eta bueltatu. Jendea etortzen zait horren eskean.

-Ia 70 urterekin?

-Zergatik ez? Ondo nagoela uste dut. Momentuz ez dut minik eta oraindik sasoian sentitzen naiz, abesteko gogoz.