Ulacia Gruporen estreinua Universidad de Deusto-ren aurka Aritzbatalden

DV ZARAUTZ.

Aritzbataldek berriro irekiko dizkio ateak goi mailako saskibaloiari. Lehen partida izango du etxean gaur arratsaldeko 18:00etan Ulacia Grupo taldeak, eta parean Universidad de Deusto taldea izango dute zarauztarrek. Hiru denboraldiz EBA mailan lehiatu ostean, aurten taldea Gizonezkoen Lehen Mailan lehiatuko da.

Gureek puntu bakarrarengatik irabazi zuten Beasainen lehen jardunaldian. Deusto taldea berriz, 101 eta 46 gailendu zitzaion Universidad de Deusto San Cernin talde iruindarrari; emaitza horrek argi uzten du ez dela arerio erraza izango, baina, zarauztarrek ere erakutsi zuten aurtengoan lehiatzeko eta borrokatzeko asmoa dutela. Beraz, partidu parekatua eta borrokatua espero da.

Ulacia Grupok pasa den urtekoaren bizkarrezurra mantendu egiten du. Berrikuntzetako bat, eta nagusiena dena, aulkian izango dugu. Urte luzez bai jokalari eta baita bigarren entrenatzaile ere aritu den Jokin Collantesek hartu du aurten taldearen aginte-makila. Berarekin daramatza ilusioa eta gogoa. Barruko jokoan ere aldaketa izango dugu, nahiz eta hauek aski ezagunak diren etxeko jokalariak izan: Izotz Barriok eta Beñat Jauregik Sharksen jokatzeari utzi eta Ulacia Grupo-ra egin dute salto. Imanol Eceizak aurten jada lehen taldearekin jokatuko du, eta bestalde, harrobiko jokalaria den Imanol Artetxek ere minutuak izango ditu. Etxeko taldea, jokalari gazte eta esperientziadunak uztartuz, Zarauzko saskibaloiean gauzak ondo egiten ari direnaren seinale.

Gaurko partidua erritmo altukoa izatea espero duela nabarmendu du Collantesek, ez baitu kasualitatetzat ikusten talde batek 100 puntuko langa gaindi-tzea. Ez da erraza izango, baina ea Ulacia Grupo zaleen aurrean garaipen batekin hasten den.

 

Fotos

Vídeos