Ulacia Grupok EBA Ligara igoera lortu du

Jokalari eta entrenatzaileak larunbatean Tabirakori 56-61 irabazi eta igoera ziurtatu ondoren. /
Jokalari eta entrenatzaileak larunbatean Tabirakori 56-61 irabazi eta igoera ziurtatu ondoren.

Denboraldi bikaina borobilduz 21 garaipen eta 5 porrotekin

ANTXON ETXEBERRIA ZARAUTZ.

Zarauzko saskibaloiak badu zer ospatua. Izan ere UlaciaGrupok Gizonezkoen Lehen Maila Nazionalean lehenengo postua lortu du, datorren urtean EBAn jolasteko eskubidea eskuratuz. Jokin Collantesek entrenatutako taldeak bilakera ona erakutsi du denboraldi osoan. 21 garaipen lortu ditu eta 5 porrot bakarrik. Txapelketa oso parekatua izan da, 14 taldeetatik 8 bat taldeek oso maila polita erakutsi dutelarik. Dena den, deboraldiko azken txanpan Zarautz eta Azpeitiko Disdira Bitxitegia taldeen artean egon da lehen postua. Azpeitiarrak ligako erasorik onena eta bigarren defentsarik onena izan dira. Ulacia Grupok berriz erasoan zazpigarrena da eta defentsan laugarrena. Hori bai, kontatzen dutenak garaipenak dira eta etxean porrot bakarra jaso du urte guztian Ulacia Grupok eta Aritzbataldetik kanpo lau porrot bakarrik. Maila altuko taldeen aurka bikain aritu da, esate baterako hurrengo hiru sailkatuei bi partidak irabazi dizkie.

Asteburukoa, azken jardunaldia izanik, ordu bateratuan jokatu zen, larunbat arratsaldeko 18:00etan Gernikan. Zarauztarrak irabaziaz gero lehen postua eta igoera lortzen zuten. Galduaz gero berriz hurrengo astean igoera fasea antolatzea tokatuko litzaieke, jokoan dagoen beste igoera txartelaren bila. Parean ez zegoen nola nahiko arerioa, hirugarren sailkatua Durangoko Tabirako.

Jokatzeko ordua bateratua zenez eta ordu horretan Durangotarrek kantxarik ez zutenez, Gernikaraino hurbildu ziren bi taldeak. Partida ikaragarri berdindua izan zen, gehienezko abantaila ez zen 6 puntutik gorakoa izan eta partidaren jabetza hainbat aldiz aldatu zen. Atsedenaldira partida berdindua iritsi zen, 28-30 Ulaciaren alde. Hirugarrengo laurdena berriz Tabirakorena izan zen, baina alde motzekin partida guztian zehar bezala. Azken txanpan, balio duenean, Ulaciakoak nagusi izan ziren.

Estanis Andres, erabakiorra

Beste behin Estanis Andres erabakiorra izan zen, azken laurdean bere 20 puntuen 9 lortuz. Kontuak kontu Jokin Collantesen mutilak 6 minutu faltan aurretik jarri eta bukaeraraino eutsi zioten. Dena den, minutu eta hogei segunduen faltan Tabirakokoak 56-57 jarri ziren, puntu bakar batetara. Baina Bingen Eceizak 4 puntu lortu zituen azken minutu honetan partida zarauztarren alde erabakiz, 56-61.

Taldea Estanis Andres, Imanol Artetxe, Izotz Barrio, Aaron Centeno, Bingen Eceiza, Imanol Eceiza, Julen Egaña, Aitzol Eguskitza, Unai Eizagirre, Mikel Larrañaga, Jon Sanz eta Beñat Jauregik osatzen dute. Entrenadore lanetan berriz, Jokin Collantes eta Oraitz Garcia. Jokalariak eta entrenatzaileak zoriontzeaz gain, Zarautz Kirol Elkarteko saskibaloiak, ZASTek alegia igandero Ariztbataldera hurbildu den zalegoari eta hainbat urtetan ondoan, bidea beraiekin egiten ari den Ulaciari opa nahiko lioke garaipen hau. Zorionak!

Más