Ulacia Grupok bigarren postuari eutsi dio

Erasoan. Mikel Larrañaga jaurtitzera eta bitartean atzean Jokin Collantes erne. Badaezpada Aitzol Eguzkitza erreboterako prest. /  AMAXKAK
Erasoan. Mikel Larrañaga jaurtitzera eta bitartean atzean Jokin Collantes erne. Badaezpada Aitzol Eguzkitza erreboterako prest. / AMAXKAK

Bilbon galdu ondoren garaipenaren bidera itzuli dira arerio zuzen baten aurka 81-68 irabazita | Partidak denetik izan zuen baina amaieran erraz nagusitu ziren Jokin Collantesen mutilak sailkapeneko burua gertutik jarraitzeko

JUAN MARI ZUBIAURRE

Emaitzak bestelakorik erakutsi arren, ez zen partida erreza izan Ulacia Gruporentzat igande arratsaldean Aritzbataldeko kantxan jokatutakoa. Zaleak dagoeneko konturatu dira aurten berdintasuna nagusi dela Lehen Maila Nazionalean. Atletico San Sebastian bera garaipen bat gutxiagorekin zegoen sailkapenean, arerio zuzena beraz. Izan ere, lehen itzulian donostiarrek luzapenean eskuratu zuten garaipena.

Partida erritmo handiarekin hasi zen. Zarauztarrak finago saskira begira, bederatzi puntutako aldea edukitzera iritsi ziren 36-27, hamabosgarren minutuan. Bigarren laurdeneko azken bost minututan berriz donostiarrek bultzada nabarmena eman zuten eta 6-17ko partzial batez aurretik jarri ziren markagailuan. Aldageletara beraz 42-44 donostiarren alde.

Atsedenetik lo

Atsedena ez zitzaien zarauztarrei ondo etorri eta hirugarren laurdenaren lehen minututan oso kamuts ibili ziren, bi puntu soilik lau minututan eta donostiarrak 7 puntu gora, 44-51. Baina hirugarren laurden honetako azken bost minututan Unai Eizagirrek 10 puntu sartu zituen, bi hiruko tarteko, eta partidari buelta eman zion Ulacia Grupok 59-56ko markagailuarekin sartuz azken laurdenean.

Zorionez donostiarrei gasolina akabatu zitzaien azken laurdenean eta zarauztarrak abantaila igotzen joan ziren pixkanaka 81-68 bukaerako emaitza ezarri arte. Unai Eizagirreren 15 puntu erabakigarriez gain, aipatzekoa Aitzol Eguskitzaren partida bikaina 25 punturekin eta Estanisen puntuak, 14.

Sailkapenari dagokionez Iraurgiko Disdira 13 garaipenekin lehen postuan doa eta, Ulacia Grupo eta Tabirako bigarren 12rekin. Atzean tropel polita, 5 talde 10 eta 11 garaipenekin. Hurrengo larunbatean Jokin Collantesen mutilek Gasteizen jokatuko dute Rodamientos Ariztiren aurka. Gazteiztarrak beheko postuetan daude sailkatuak jaitsierako postuetatik ihesi nahian. Aritzbatalden zarauztarrek kostata irabazi zuten 72-68, beraz partida zaila espero da.

Neskak bikain

ZAST neskek Gipuzkoa mailako bigarren mailarako talde polita dute. Horren erakusgarri aurten daramaten ibilbidea, 12 garaipen eta porrot bakarra. Izan ere, bost jardunaldien faltan igoera faserako jolasteko lau txarteletako bat eskuratu dute matematikoki. Asteburu honetan Astigarragako Mundarron etxean jokatzen zuten, bosgarren sailkatua. Partida uste baina errazago joan zen Beñat Jauregik entrenaturiko neskentzat, laurden guztiak irabazi zituzten eta abantaila poliki poliki handitzen joan ziren puntu gutxiko partida batean. Izan ere 28-42 amaitu zen partida. Aizpea Eceiza nabarmendu zen bereziki, 17 punturekin.

Hurrengo partida etxean jokatuko dute hirugarren sailkatuaren aurka, zaleen aurrean, Donostiako Alde Zaharraren aurka alegia. Test polita beraz, litekeena baita igoera fasea elkarren aurka jokatzea. Partida Aritzbatalden jokatuko da, igandean arratsaldeko 18:00etan.