Txikienak nagusi jaien amaieran

Dantzarako aukerak egunero izan dituzte haurrek eta familiek eta atzoko tenperatura altuek ere ez zituzten kikildu. / ARGAZKIAK AMAXKAR
Dantzarako aukerak egunero izan dituzte haurrek eta familiek eta atzoko tenperatura altuek ere ez zituzten kikildu. / ARGAZKIAK AMAXKAR

Gaur festa egitaraua Iñurritzara pasako da eta Elkano auzoan ere festak dituzte igandera arte |

JUAN MARI ZUBIAURREZARAUTZ.

San Pelaio bigarrena ospatu zuten atzo zarauztarrak eta egunean zehar protagonista nagusiak herriko txikienak izan ziren. Goizean Frontoi Txikian haur parkea izan zuten jolas desberdinekin, Kulkiren eskutik, eta arratsaldean, bezperan egin zuten bezala, kalejiran Iñurritzara joan eta bertan denetik aurkitu zuten.

Eguraldi beroa izan da bi egunetan kalejira garaian baina atzokoan bertaratzean apar festa prest zegoen pilotalekuan eta haur denek ederki freskatu eta jolasteko parada izan zuten. Haur parkean jolas gune ugari zituzten txikienek eta nerabeei zuzendutako gunea ikastolako jolas gunean kokatu zuten Haize-orratz gaztelekuko arduradunek.

Bi egunetan dantzarako txokoa izan dute gaztetxoak, Gauargirekin asteazkenean eta DJ Porrurekin ostegunean, biak ere arrakasta izan duten ekimenak. Gauean gazte eta helduen txanda izan zen Musika Plazan Kresalarekin eta Udaberri aurrean Ibai Berriak taldearekin.

Kalejira bi egunetan joan eta etorri da Plazatik Iñurritzara bero handiarekin

Gaur festa egitaraua Iñurritzara mugatuko da. Goizeko 9:00etan txistulariekin diana. 11:00etan Meza Nagusia San Pelaio ermitan. Ondoren, Iñurritzako Jubilatuen Elkartean, hamaiketakoa auzoko jubilatuentzat, Iñurritza jai Batzordeak eskainita eta goizeko ekimenak amaitzeko 11:30ean haur jolasak.

Arratsaldeko 19:00etarako giza-proba ikusgarri bat iragartzen dute. Aurrez aurre Iñurritza eta Mendaro. 22:30ean kontzertua hiru talderekin, Blue Beans, Frikun eta Fan&Go. Gauerdian, banderaren beheratzea eta festen amaierako txupinazoa.

Elkanon San Pedroak

Baina ez pentsa festak San Pelaioekin bukatzen zaizkigula. Elkano auzoan, urrutira joan gabe, gaurtik igandera San Pedro jaiak iragartzen dituzte. Gaurko jai egitaraua arratsaldeko 17:00etan hasiko da ume jolasekin. Ondoren merendola bertaratzen diren ume guztientzat. 20:00etan jaiei hasiera emateko txupinazoa eta segidan parrilada.

Bihar, ekainak 29, San Pedro eguna ospatuko dute Elkanon. 8:00etan txupinazoa suziri eta kanpaiekin. 11:30ean Meza Nagusia. Ondoren, auzokoen arteko tortilla patata lehiaketa. Auzoko etxe bakoitzak tortilla bat eramango du meza aurretik. Epai mahaiak irabazlea erabaki ondoren, bertaratzen diren guztien artean banatuko dira tortilla pintxoak. Bitartean Joxe Felix Zubizarreta eta bere motozerraren erakustaldia egingo da, Izer eta Alabierrek musikarekin giroa alaitzen duten bitartean. Gaueko 21:30ean auzoko frontoian afaria. Eta amaitzean, Izer eta Alabierren eskutik erromeria.

Igandean 11:30ean Meza Nagusia eta ondoren herri kirolak. Guzti hau alaitzeko Ansorregi eta Larrañaga izango dira bertan. Pilota partidan egongo dira, Iker 'Lertxundi-berri', Hodei 'Kurpiztegi', Xabier 'Arrite' eta Aitor 'Ziotza'.

Auzokoen arteko lehia ere iragartzen dute, aizkoran Landa eta Arrillaga eta harri jasotzen Jokin Eizmendi eta Joseba Ostolaza. Arratsaldeko 18:00etan idi proba egingo da. Parte hartuko dute Arruako 'Etxetxo', Hondarrabiko 'Salbardin' eta Urnietako 'Intxaurburu'. Idi pareak deman ikusteko aukera ederra izango da beraz. Jarraian eta jaiei amaiera emateko erromeria Ansorregi eta Larrañagaren eskutik.