'Triatloia maite dut' egitasmoan aurten 1.300 neska-mutil ibili dira

Gazteak udalekuetan. /  DV
Gazteak udalekuetan. / DV

7-17 urte bitarteko gazteen artean triatloia sustatzea du helburu ekimen honek

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCOZARAUTZ.

2013an sortu zen 'Triatloia Maite Dut' ekimenak, 7-17 urte bitarteko gazteen artean triatloia sustatzea du helburu, eta aisialdian, euskaraz, kirola egiteko aukera eskaintzea. Triatloiaren bitartez laguntasuna, izaera aktibo eta positiboa, ohitura osasungarriak eta beste hainbat balio transmititu baitaitezke.

Bere lehen udalekuetan 15 parte-hartzaile izan zituen egitasmoa urtetik urtera hazten doa, aurten 1.300 neska-mutilengana iritsiaz. 2019an, egitasmoari hasiera Pazko Astean eman zitzaion, Getariako Askizu auzoan kirol udalekuekin eta amaiera berriz, irailak 16an Donostiako Kontxa hondartzan Zanbulla probarekin. Tartean, beste bi udaleku (Gipuzkoan eta Nafarroan) eta 8 topaketa egin dira (Gipuzkoan eta Bizkaian).

Ekimenaren atzean heziketan eta kirol jardueren antolaketan eskarmentu handia duten Arazi, Nik Tri Triatloi Elkartea eta Fitgüne daude. Hauen lana ez litzateke posible izango ondorengo erakundeen laguntzarik gabe: Kutxa Fundazioa, Eusko Jaurlaritzaren Euskara departamentua, Baserria KM0, Catalana Occidente, Orca, Ameztoi Anaiak, Gipuzkoako Triatloi Federazioa eta Euskadiko Triatloi Federazioa.

Aurtengoan, 'Triatloia Maite Dut' egitasmoaren bitartez sustatu nahi diren balioekin bat eginez, ondorengo Triatloi Elkarteren atxikimendua jaso da, gazteentzat topaketa sare eder bat sortuz: Mugarra Triatloi Elkartea, Antxintxika Triatloi Elkartea, Alarabi Triatloi Elkartea, Ordiziako Triatloi Elkartea eta Urbiko Triatloi Taldeak, besteak beste.

Datorren urtera begira, guztion artean triatloi sarea indartu, familientzat plan apartak sortu eta gazteengana esperientzia aberasgarriekin heltzen jarraitzea da helburua, eta horretan dabiltza dagoeneko lanean.

«Eskerrik asko bihotzez, egitasmo eder hau gauzatzen laguntzen diguzuen guztioi eta ekintzetan parte hartzen duzuenoi. Jarraitu dezagun triatloiarekin gozatzen!!», diote antolaketa taldetik.