Trainerila Ligako estropada eta beteranoen traineru Liga bihar goizean Zarautzen

ANTXON ETXEBERRIA ZARAUTZ.

Bihar estropadak izango dira Alle Puntan. Alde batetik, Gipuzkoako Trainerila ligaren 5. Jardunaldia ospatuko da. Bertan, jubenil, emakume absolutu eta senior absolutu mailako 30 trainerila izango dira lehian, eta haien artean, orain arte lan oso ona egiten ari diren ZAEren lau trainerila. Pasaian, Baionan eta Getarian lehiatu ondoren, gaur Donostian eta bihar Zarautzen arituko dira trainerilak.

Zamaiko Zulo trainerilarekin lehiatzen duten Ekhi Illarramendik entrenatutako jubenil mailako mutilak ligan bigarren doaz San Juanen ondoren. Batel estropadetatik oso azkar egokitu dira trainerilara eta orain arte jokatutako estropadetan maila ona eman dute, lider diren pasaitarrak behin baino gehiagotan estu hartuta.

Era berean, Garikoitz Urangak prestatzen dituen senior mailako 3 ontziak ederki ari dira. Ligan lehiatzen duten Bina-Bina ontziarekin ari diren senior gizonezkoak ere bigarren doaz Hondarribiaren ondoren. Kopan lehian ari diren ontzietako senior gizonezkoak berriz hirugarren eta laugarren daude uneotan.

Ondoren traineruak

Trainerila estropada amaitzean, beteranoen ligako bigarren jardunaldia jokatuko da Alle Puntan, eremu berean. ZAEko beteranoak ere bikain hasi dute liga, Pontejosen (Cantabria) jokatutako lehen estropada irabaziz. Bigarren sailkatu zen Arkoteri 24 segundu atera zizkioten, nagusitasun handia erakutsiz. Argi dago talde oso lehiakorra osatzea lortu dutela.

Gaur goizean, batzarra

Adierazi ere, gaur goizeko 11:00etan, ZAE-k bere urteko batzarra egingo duela Aritzbatalde kiroldegian duen gimnasioan. Bazkideak gonbidaturik geratzen zarete.