Telmo Esnal: «Ilusio handia egiten dit Modelo areto eraberritua 'Dantza' filmarekin zabaltzea»

Telmo Esnal aste honetan Musika Plazan. Bere 'Dantza' filmak harrera oso ona izan du./ETXEBERRIA
Telmo Esnal aste honetan Musika Plazan. Bere 'Dantza' filmak harrera oso ona izan du. / ETXEBERRIA

ANTXON ETXEBERRIA

'Dantza' filmaren emanaldiarekin zabalduko da gaur Modelo areto eraberritua, 20:00etan areto aurrean egingo den ekitaldi xume batekin, dantzari, foru aldundi eta udaletxeko ordezkari eta filmeko gidoilari eta zuzendari izan den Telmo Esnal zarauztarraren parte hartzearekin. Telmo gustora dago 'Dantza' izaten ari den harrerarekin eta berarekin egon gara pelikula honen inguruko xehetasun gehiago ezagutzeko.

-Abenduan estreinatu zenuten 'Dantza' filma. Orainarteko harrera oso ona izaten ari da, ezta?

-Bai, gustora gaude. Santo Tomas egunean estreinatu genuen eta gaur arte 40.000 ikusle inguruk ikusi dute pelikula. Euskal Herriko pelikula bat izateko, ez dago gaizki.

-Pentsatzen dut agenda bete xamarrarekin ibiliko zarela azken aste hauetan?

-Bueno, deitzen diguten lekuetara joaten gara aurkezpena egitera. Bihar (gaurkoagatik) Zarautzen izango garen bezala, larunbean Altsasun dugu hitzordua, eta beste hainbat tokitan ere ibili gara.

-Zenbat denbora eman duzu pelikula grabatu eta estreinatu arte?

-Prozesua luzea izan da. Finantziazioa lortu genuenetik, urtebete inguru. Proiektu berezia izan da. Dantzariak ez dira profesionalak eta batipat asteburuetan eta oporraldietan grabatu dugu. Udaberrria, udara, udazkena, negua, urtaro guztiak erabili ditugu. Zarautzen, Bardeetan, Aragoian, Arantzazun, Leitzan, Urkiolan eta beste hainbat lekuetan grabatu dugu.

-Nola sailkatuko zenuke zure pelikula, zein generoetan?

-Ezin da klasifikatu. Pelikula berezia da, ez da komedia, drama edo thriller bat. Hitzik gabekoa da, dialogorik ez du, dantza mundua ezagutaraztea izan da helburua. Horrexegatik, hasieran kosta egin zitzaigun, baina kritika onak izan ditu eta jendea mugitzen ari da eta asko ari dira hurbiltzen pelikula ikustera.

-Non ikusi daiteke 'Dantza' filma?

-Batipat Euskal Herrian. Madrilen ere bi aste egon da; Bartzelona, Valentzian ere, baina batipat Euskal Herrian. Datozen egun hauetan adibidez Zarautz eta Altsasun, baina aurretik, Hondarribia, Elgoibar, Andoain... Salmentaren arabera, egun gehigo programatzen dituzte.

-Zer entzuten ari zara ikuslegoaren aldetik?

-Badirudi jendeari gustatzen ari zaiola. Kaletik zoriondu egiten naute, eta eskerrak eman ere bai beste batzuk. Filma 2 edo 3 aldiz ikusitakoak ere badira, irakurketa desberdinak egin dituztenak ere. Ez zaiela gustatu ere bakarren batzuk esan didate. Normala da, ezin guztien gustokoa egin. Ni gustora geratu naiz egindako lanarekin. Dena den, nire lana filma pantailara eramatea da, eta hortik aurrera pelikula jendearentzat geratzen da.

«Gustora geratu naiz egindako lanarekin; badirudi jendeari filma gustatzen ari zaiola; hori zen asmoa»

-Zein mezu zabaldu nahi izan duzu filmarekin?

-Euskal dantzak ezagutzea, historia bat kontatzea. Normalean dantzak banaka ezagutzen ditugu, baina aspalditik nerabilkien buruan, hildo narratibo bat eman eta historia bat kontatzearena. Juan Antonio Urbeltzen lana dago azalean. Dantza jende askok egiten du, baina ez dago nire ustez batere errekonozituta. Dantza asko ditugu, asko oso zaharrak, nolakoak garen kontatzen dutenak. Testiganza bat eman nahi izan diet dantzei.

-Zu ere dantzaria izandakoa zara?

-Bai, halaxe da. Nik garai batean dantza besterik ez nuen buruan. 27 urtetan dantzaria izan naiz. Iratzazarrin, gero Goizaldin Urbeltzekin; txapelketetan ere ibilitakoa naiz. Andoainen ikasketak hasi bitartean dantza nuen gogoko. Nire hasierako asmoa kamara izatearena zen, baina berehala gauzak kontatzeko gogoa sartu zitzaidan, eta hortik aurrera gidoigile ata zuzendari bezala nabil.

-Orain Zarautzen zaude, baina aurretik non bizi izan zara?

-Hasieran Madrilen, ondoren A Coruñan, gero Pasai San Pedro eta orain bizpahiru urte berriz Zarautzen bizi naiz, nire jaiotetxean.

-Modeloko ekitaldia berezia izango da zuretzat, ezta?

-Bai, bai. Kontuan eduki, grabazio batzuk Zarautzen egin genituela, torreoian, hondartzan... Udalak asko lagundu zigun, eta Modelo aretoaren berritze lanen ondoren nire pelikularekin zabaltzeak ilusio handia egiten dit. Emanaldiaren aurretik, dantzariekin saiotxo bat egingo dugu; ondoren pelikula aurkeztu eta bukaeran Koldobika Jauregi, Juan Antonio Urbeltz eta ni neuk mahai inguru txiki bat egingo dugu.

-Eta zein ibilbide geratzen zaio Dantzari?

-Internazionalki ere mugitzeko asmoa dago; Nantes-ko fesibalera noa; Estatu Batuetako Euskal Etxeetara ere (Idaho, San Frantzisko, Nueva York...). Gasteizen ere beste festibal batera goaz; herrietako aretoetan. Ikusi behar.

-Zure hirugarren filma izan da 'Dantza'?

-Bai halaxe da, 'Aupa Etxebeste' eta 'Urte berri amona'-ren ondoren 'Dantza' estreinatu eta segidan 'Agur Etxebeste' ere grabatu dugu. Horregatik azken urtea niretzat gogorra izan da, bi pelikula batera, bat buka-tzen eta bestea hasten. Pelikula bakoitzak lan handia du. Ez bakarrik aktoreekin, argazki zuzendariarekin, dekoradorearekin, kamarak non jarri, soinua... Denbora guztian burua martxan duzu.

-Zuzendari laguntzaile lanetan ere ibilia zara.

-Niri honek bizitzeko ematen dit, eta zuzentzen ez nagoenean beste lan batzuk egiten ditut, zuzendari laguntzaile, gidoilari ...

-Konturatzen zara kalean ezaguna zarela?

-Bai, baina pasatuko da. Diferentzia, ez garela aktoreak. Hilabete hauetan agian bai, baina etorriko da beste pelikula bat eta nitaz ahaztuko da jendea eta hobe.

-Ideia berririk, grabaziorik buruan?

-Ideia batzuk badauzkat buruan. Badakit nondik jo, baina ondo pentsatu behar dira gauzak ideiari forma emateko.

 

Fotos

Vídeos