Tailer, liburu azoka eta aurkezpenak, omenaldiak, emanaldiak... Literaturian

Literaturiako antolatzaileak Garoako aurkezpen ekitaldian. Talde polita osatu da. / ETXEBERRIA
Literaturiako antolatzaileak Garoako aurkezpen ekitaldian. Talde polita osatu da. / ETXEBERRIA

Irakurle eta herritarrek egitarau zabala dute eskura gaur eta bihar herriko kale eta aretoetan

ANTXON ETXEBERRIA ZARAUTZ.

Atzo arratsaldean hasi eta asteburu osoan zehar Literaturia, Euskal Letren Plaza ospatuko da Zarautzen, euskal literaturaren sustapena helburu. Larrabetzun sortu zen egitasmoa, 2008an, eta 2014tik Zarautzen egiten da, Literaturia Kultur Elkarteak antolatuta. Egonkortuta dagoela esan daiteke eta poliki poliki Gipuzkoa eta Euskal Herri osoko irakurleei zabaltzea litzateke asmoa. Aurtengoan ere liburu-azoka, liburu-aurkezpenak eta solasaldi eta emanaldiak izango dira ardatz, omenaldiak ahaztu gabe.

Proposamen eta nobedade ugari aurkituko dira aurtengoan ere Literaturian: EIZIEren itzulpegintza tailerra; Ainara Azpiazu 'Axpi' ilustratzailearen komikigintza tailerra; Eider Rodriguezen 'Idazleen gorputzak' saiakeraren gaineko saioa; 'Otto Pette'-ren 25. urteurren ekitaldia, Salbatore Mitxelenaren gaineko mahai-ingurua... eta, ohi bezala, Garoako liburu aurkezpenek hainbat idazle hartuko dituzte.

Beraz, herriko plazan (liburu azoka), Garoa liburudendan (liburu aurkezpenak), eta Modelo aretoan (itzulpen tailerra, mahai-ingurua eta Margolari filmaren emanaldia) izango dira gaurkoan. Idazleak, argitaletxeak eta irakurleak nahastuko dira Zarautzeko kale eta aretoetan, literaturarekin gozatzeko.

Andu Lertxundiri omenaldia egingo diote 'Otto Pette'-ren 25.urteurrenean

Gaurko egitarauari dagokionez, 10:00etatik 13:00era komiki tailerra egingo da Etxezabalan; Modelo aretoan, bestalde, 10:00etatik 12:00etara itzulpen tailerra (EIZIE), Mundutik euskarara labur-labur; 13:00-13:30, Mundutik euskarara labur labur emanaldia; 17:30ean, idazleen gorputzak mahai ingurua, Eider Rodrigez gidari, Arantxa Urretabizkaia, Laura Mintegi eta Miren Agur Meaberekin; eta 19:00etan, Oier Aranzabalek zuzendutako 'Margolaria' filma eskainiko da eta ondoren Mikel Urdangarini elkarrizketa musikatua.

Bestalde, Musika Plazan, goiz eta arratsaldez, liburu azoka; 11:30-12:30, ipuin kontaketa Ander Iruretagoienarekin, eta eguerdiko 12:30ean, 'Otto Pette' elaberriaren 25. urteurrena ospatzeko, Patxi Santamariaren performancea eta Andu Lertxundiri omenaldia, brindis eta guzti Talai-Berri txakoliarekin.

Goiz eta arratsaldez

Era berean, goiz eta arratsaldez, Garoa liburutegian, liburu aurkezpenak izango dira: 10:20ean, Patxi Zubizarretaren 'Julien Vinsionen hegaldia'; 11:00etan, Ione Gorostarzuren 'Ez da erditzea'; 11:40ean, Aintzane Usandizagaren 'Kabitu ezina'; 12:20ean, Musika Plazan, 13:00etan, Miren Amurizak 'Basa' aurkeztuko du. Ondoren, 13:40ean, Miren Agur Meabek, 'Hezurren erretura'.

Bazkal ostean jarraituko da aurkezpenekin, eta honela, 16:20ean, Iñigo Astiz-ek 'Analfabetoa' aurkeztuko du; 17:00etan, J.L. Otamendik 'Disoluzio agiriak' liburua; 17:40ean, Beñat Sarasolak, 'Deklaraziorik ez'. 18:20ean, Ainara Maiak, 'Pepito, maiteminaren txinparta', eta amaitzeko, 19:00etan, Miel Anjel Elustondok, 'Kezko bola batek itoak birikak'. Aurkezpen guztiak irekiak dira irakurle eta herritarrentzat. Beraz bada bai, non aukeratua.