Zarautz
Seme-alabak La Sallen eskolatzeko «borrokan jarraituko» dute kanpoan geratu diren familiekDatorren ikasturterako onartuak izan ez diren 13 haurren familiek bere kezka eta desadostasuna adierazi nahi izan dute
La Salle Zarautz aukeratu arren, 2025-2026 ikasturtean onartuak izan ez diren 13 familien ordezkariek idatzi bat plazaratu dute, euren «kezka eta desadotasuna» adieraziz.
«Denok aukeratu dugu La Salle Zarautz gure seme-alaben hezkuntza bidea hasteko eskola modura. Erabaki hau ez dugu kasualitatez hartu: ikastetxearen ibilbide pedagogikoa, balioetan oinarritutako lana eta komunitate zabal eta hurbila izan dira gure hautua gidatu duten arrazoi nagusiak». Hala ere, matrikulazio prozesuan izandako muga administratiboen ondorioz, 13 haur kanpoan geratu direla azaldu dute, itxaron-zerrendan, «gure nahiaren aurka». Horrek nahigabe handia eragin dela diote: «familia gisa dugun eskubidea da gure seme-alabak hezkuntza-proiektu baten alde egitea, eta oraingoan, eskubide hori ez da errespetatua izan».
Egoera ulertarazteko «ahalegin handia» egin dutela azpimarratzezn dute. «Ume hauek La Sallen eskolatzea posible izan zedin, hainbat bilera egin dituzte ikastetxeko zuzendaritzak eta Hezkuntza Sailak. Prozesu osoan zehar, datuak eta aurreikuspenak mahaigaineratu dira garaiz, argitasunez eta errespetuz, 2 urteko gelarako behar zen eskaintza handitzeko helburuarekin», diote. Hala ere, jasotako erantzunek euren «eskaeraren tamainari eta funtsari» ez diote erantzun iritzi dute. «Areago, Hezkuntza Sailaren aldetik prozesu osoan gardentasun falta handia egon dela nabarmendu nahi dugu eta familiak erabateko babesgabetasun egoeran utzi gaituela salatu». Izan ere, familia hauek diotenez ez diete La Salle lerro bakarrera mugatzearen arrazoirik eman, «beste ikastetxe batzuei, nahikoa eskaera izan gabe, bi lerro mantentzeko aukera eman dieten bitartean».
Ikastetxeko zuzendaritzak eta hezkuntza komunitateak beraiekin bat egin dutela ere nabarmendu nahi izan dute, eta alternatibak bilatzen saiatu direla. «Familiok eskertzen dugu ikastetxearen jarrera, enpatiaz, inplikazioz eta profesionaltasunez aritu direlako gure seme-alaben etorkizunaren alde. Zuen konpromisoa guganako eta gure haurrenganako benetan eskertzekoa izan da».
Hala, euren seme-alabak beste ikastetxe batean matrikulatuta badaude ere, La Salle Zarautzen hezkuntza ereduan sinesten dutela azpimarratu dute «eta borrokan jarraituko dugu gure seme-alabak bertan eskolatuak izan daitezen. Gure mezua irmoa da: gure seme-alaben hezkuntzarako hautuari eusteko eskubidea dugu, eta Hezkuntza Sailari eskatzen diogu, gure ahotsa entzun dezan eta etorkizuneko planifikazioak herritarren benetako beharrei eta nahiari erantzun diezaien».