Saskibaloiaren webgune berria eta babeslea aurkeztu dituzte

Saskibaloiari laguntza ematen ari diren taldeetako partaideak. /  ZAST
Saskibaloiari laguntza ematen ari diren taldeetako partaideak. / ZAST

J.M. ZUBIAURRE ZARAUTZ.

ZASTen estreinu garaia da azken aldian. Oraingoan bi aurkezpenekin datozkigu saskibaloi taldekoak: batetik www.zast.eus webgune eraberritua martxan jarri dute gaurtik, eta, bestetik, Gráficas Juaristi babesle berriaren eta ZASTen artean hiru urtetarako akordioa itxi dute.

ZASTen hirugarren webgunea da oraingoa. Lehena 2004. urtean, Santi Garateren eskutik sortutako www.inurris.com izan zen. Izugarrizko arrakasta zuen bai barruan zituen blogei esker, baita erabiltzaileek foroetan izaten zuten aktibitateari esker ere.

Ondoren Danel Agirre, Eneko Arregi eta Ugaitz Urienek www.zast.es garatu zuten. 2009an jarri zen sarean eta diseinuan aurrerapauso nabarmena eman zen. Komunikazio korporatiboak garrantzi gehiago eduki zuen eta kirol elkartearen kudeaketa errazten ere lagundu zuen.

Baina, arlo digitalean aldakun-tzak ziztu bizian ematen dira eta webgunearen berritze lanetan aritu dira ZASTen azken hilabeteetan.

Webgune berria sortzeko, Viskwit eta Sector04 izan ditu bidelagun ZASTek. Alberto Caballerok, Viskwiteko diseinatzaileak, bost urte inguru daramatza ZASTekin elkarlanean, lehendabizi 3x3an kolabora-tzen eta azken urteotan Zarauzko saskibaloiaren nortasun irudia landuz.

ZASTen nortasun irudiaren restyling-a honen ondorioz sortu da, besteak beste, logotipo berria eta jantzi berriak eginda. Webgunearen diseinua nortasun irudi eraberritu honen garapenean oinarritu da, irudi, kolore eta tipografiak zainduz, irudi bateratu bat eskainiz.

Sector04 berriz Errenteriako software ingeniaritza enpresa dugu, bai web garapenean eta bai mugikorrentzako aplikazioetan adituak eta arituak. Ivan Rodriguez proiektu-buru zarauztarraren hitzetan, ZASTeko eguneroko lana erraztuko duen eta komunikazio tresna ezinbestekoa izango den webgune eroso bat sortzen saiatu dira. Webguneak hainbat atal ditu, besteak beste, ZAST Eskolari eta Eskola Kirolari zuzendutakoak eta, nola ez, 3x3ari lotutako atala.

Webaren aurkezpenarekin batera ZASTek babesle berria ere iragarri du. Zaharrak berri, izan ere Gráficas Juaristi inprentak 3x3an ZASTekin hainbat urte daramatza elkarlanean. Gráficas Juaristi SL 50 urtetako esperientzia duen inprenta da. Era guztietako inprimaketa lanak

egiten dituzte bertan: papergaiak, publizitatea, aldizkariak, katalogo korporatiboak, esku-programak, kartelak, liburuxkak, pegatinak, liburuak, eta baita formatu handiko binilo, kartoi luma, lona edota enarak ere. Prozesu automatizatuez baliatuz, epemuga laburrak eta kalitaterik onena eskaintzen dituzte, lanen dimentsioa edozein izanik.

Baina, oraingoan, ZASTi emandako laguntza nabarmen handiagoa izango da enpresaren aldetik. Hiru urtetarako akordioa itxi dute, bereziki adinez txikikoen kirolean zentratuz. Bai Aritzbatalden eta baita Antonianotan kartelak jartzeaz gain, elkarteko 400 jokalariei banatu zaizkien berotzeko arropa finantzatu du.

 

Fotos

Vídeos