Lau saio gaur Kalerkiren egitarauaren barruan

Trapu Zaharra, Anezka, Shakti Olaizola eta Valentziako Cia. Maduixaren eskutik, udaletxeko plazan, Frontoi Txiki eta Munoan

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ZARAUTZ.

Lau kale antzerki izango dira gaur arratsalde eta gauean herriko kaleetan Kalerkiren barne. Lehenengoa, 19:00etan Trapu Zaharra taldeak 'Hetsiak' antzeztuko du udaletxeko plazan. Hirurogei urte inguru duten senar-emazte bikote bat ahal duen moduan bizi da bere seme bakarrarekin (Koldo, 31 urte). Honek ez du inoiz lanik egin eta egoera honek bere gurasoak beraien egoera salatzera eraman ditu. Ekintza honetan, beraien arteko kontraesanak azalduko dira eta bikotearen egoera hankaz gora ipintzen dute.

Ondoren, 20:00etan, Frontoi Txikian kokaturik, Shakti Olaizolak 'Baldin Bada' aurkeztuko du, margolari eta musikari baten erokeri eta zentzugabekeriak. Antzerki, musika eta pinturaren konbinazioarekin osatuz saioa.

Jarraian, gaueko 22:00etan, Munoan, Anezka -Arabako dantza konpainia gazteak-, 'Revolución' aurkeztuko du. Aldaketa sakona eta azkarra da 'Revolución'. Bat batean dator, eta eztanda batek bezala, dena airean jartzen du, konturatu ere egin gabe. Egin daitekeen gauza bakarra, gelditu eta mundu zahar horren zatiak nola eta nora erortzen diren ikustea da.

Eguneko egitarauarekin amaitzeko, gaueko 22:30etan, era berean, Munoan, Valentziako Compainia Maduixak, 'Mulïer' antzeztuko du. 'Mulïer' dantza ikuskizuna da eta bost emakumek akuilu-makuiluen gainean interpretatzen dute. Emakumezkoen identitatea gorputz jolasaren bidez aztertzeko beharretik sortu da ikuskizuna, ikusleen sentiberatasunera iristeko irudia, ikusizko poetika eta narrazioa azpimarratzeko. Omenaldia egin nahi diete, mendetako opresioaren aurrean, beren 'ni' basatiari bizirik eusteko borrokatu duten eta borrokatzen jarraitzen duten emakumeei, gure gizarteko kale eta plazetan aske dantzatu eta korrika egiteko eskubidea eskatzen duten horiei.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos