Partaidetza handia biharko Pagoeta Mendi Lasterketarako

Ibilbide nagusiko lasterketa goizeko 9.30tan hasiko da. /  ETXEBERRIA
Ibilbide nagusiko lasterketa goizeko 9.30tan hasiko da. / ETXEBERRIA

Guztira 400 korrikalaritik gora izango dira; 238 partaide ibilbide nagusirako eta 81 bikote mistorako

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ZARAUTZ.

Goruntz egin du azken egunetan nabarmen biharko Pagoeta Mendi Lasterketarako partaidetzak eta atzo eguerdian 238 partaide zeuden izena emanda ibilbide nagusirako (21 kilometroetakoa) eta 162 (81 bikote), ibilbide mistorako. Beraz, 400 korrikalaritik gora izango ditu 16. mendi lasterketa honek. Eta oraindik, lasterketak hasi aurretik izena emateko aukera mantenduko da.

Lasterketa nagusiari goizeko 9.30tan emango zaio hasiera kiroldegi atzekaldetik eta ordulaurden beranduago hasiko da lasterketa mistoa, neska-mutilez osaturiko bikotekako lasterketa.

Ibilbide nagusiari dagokionez, 900 metroko desnibel positiboa dauka. Ibilbide zirkularra da, eta bi zati nagusitan banatu daiteke: bata goranzko zatia, Saberri aldetik Pagoeta mendiko gurutzera eta Murukil tontorrera eramaten duena; eta bestea beherako zatia, Laurgain aldetik jaisten dena. Esan beharra dago lasterketa Pagoeta Kontserbazio Bereziko Eremutik igarotzen dela, hain zuzen ere 7. eta 16. Kilometroen arteko zatian. Teknikoki ez dauka aparteko zailtasunik, baina 3 orduko denbora-muga ezarri da. Ibilbide mistoari dagokionez -8 kilometrokoa-, ibilbide erraza da orohar, eta aldi berean gozagarria, hainbat basogune eta erreka igarotzen direlarik. Mendiko lasterketetan hasi nahi dutenentzako erabat gomendagarria.

Edizio honek berezitasun bat izango du. Izan ere, aurten Kilometroak Zarautzen izango denez eta lasterketa Salbatore Mitxelenak antolatzen duenez, bi ekimenak nolabait uztartu nahi izan dira eta horregatik lasterketa Kilometroak jaiaren programazioaren barne sartu da. Lasterketak bukatutakoan, sari banaketa egingo da, eta hamaiketakoa ere izango da lasterkari eta ikusleentzat.