Pagoeta mendi lasterketa ikusgarria

Proba mistoa. Klabelinsoro kalean lasterketaren hasieran bikoteak./
Proba mistoa. Klabelinsoro kalean lasterketaren hasieran bikoteak.

Ismail Razga eta Ainhoa Jauregi nagusian eta Maider Unanue eta Asier Unanue mistoan garaile |

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Pagoeta mendi lasterketak XVI. edizioa bete zuen igande goizean eta saio ikusgarria eskaini zuten partaideak. Bi lasterketa antolatzen ditu Salbatore Mitxelena ikastolak eta bietan partaidetza bikaina izan zen.

Lehendabizi ibilbide nagusiari eman zitzaion hasiera Klabelinsoro kalean eta 21 kilometroko saioa egin ondoren toki berean aurkitzen zuten helmuga korrikalariak. Ez da proba makala, baina 241 korrikalariek amaitzea lortu zuten mendi lasterketa.

Hauetatik onena gizonezkoetan Ismail Razga sestaoarra izan zen 1:32:37ko denborarekin, errekor berria ezarriz. Bigarren Xabat Manzisidor (1:34:13) sailkatu zen eta hirugarren Ekaitz Kortazar (1:35:51). Emakumezkoen artean bizkorrena Ainhoa Jauregi izan zen (1:59:05), bigarren Nerea Amilibia (1:59:59) eta hirugarrena Amaia Jauregi (2:00:05). Lasterketa honetan bi lehen zarauztarrak Aitor Manterola eta Nerea Amilibia izango ziren.

Lasterketa mistoa

Mendi lasterketa nagusia lehiatzen zen bitartean, ibilbide mistoari ekin zitzaion. Hauek binaka parte hartzen dute eta 8 kilometroko lasterketa burutu behar zuten.

Helmugan lehenengo bikotea Maider Unanue eta Asier Unanuek osatutakoa izan zen (41:22). Bigarren sailkatu ziren Garazi Sampedro eta Jon Aranburu (41:31) eta hirugarren helmuga zeharkatzen Irati Larrañaga eta Josu Urrestarazuk osatutakoa izan zen (41:42). Lasterketa mistoan herriko lehenengo bikotea Josune Zabala eta Roberto Ostolazak osatutakoa izan zen. Helmugan 90 bikote sartu ziren, beraz denera XVI. edizio honetan 421 korrikalariek hartu dute parte.

Antolakuntza primerakoa izan zen eta partaideek helmugan azpimarratu zuten behin eta berriro Iratxe Aranburu esatariaren mikroan ibilbidea zoragarria dela. Aurten gainera maila handiko korrikalariak etorri dira eta horrek probari distira berezia eman dio. Dena den lasterketa herrikoa da eta korrikalari horiek dira Pagoeta mendi lasterketa handia egiten dutenak.

Boluntarioen laguntza eta babesleek emandakoa ere goraipatzekoa da. Antolakuntza ikastolaren esku dago azken urteetan eta aurten Kilometroak Zarautzen ospatzen denez Klabelinsoroko helmugan Ni, Hi eta Hura Mamorruak egon ziren giroa alaitzen.