Oteitza Lizeoko batxilergoko ikasle guztiek gainditu dute USE proba

Lizardi Institututik joan diren guztiek ere gainditu dute Unibertsitatean Sartzeko proba

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCOZARAUTZ.

Beste urte batez ere Oteitza Lizeoko batxilergoko ikasleentzat pozgarria izan zaie Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazioko (USE), lehen hautaproba zena, ohiko azterketen emaitzak jasotzea, datu biribilak izan baitituzte. «Aurtengoan ere Euskal Autonomi Erkidegoan azterketa egin dutenen nota baino, 6,65a, emaitza hobea lortu baitute gure ikasleek. Euskal Autonomia Erkidegoan ohiko USEko azterketa %97,53ek gainditu dute, Gipuzkoan %98,32k eta Oteitza Lizeoan, berriz, %100ak. Berri pozgarria denontzat», diote ikastetxetik.

«Aurtengo erronka sekulakoa izan da, 2. batxilergoan ikasle andana izan baita Oteitzan bueltaka. Guztira 136 ikasle aurkeztu dira USEko azterketara eta Oteitzatik eraman duten batez besteko nota 7,77 izan da. EAEko ikastetxeen batez bestekoa, berriz, 7,67 izan da. Hamarren bat baino ez da, baina kalitatezko hezkuntzaren, eta egindako lanaren ondorio dira».

Bestalde, USEko ezohiko azterketak, datorren hilaren 3, 4 eta 5ean izango dira. «Bertara gure ikasle gutxi batzuk joango dira eta beraiei ere zorte ona opa diegu. Gure ikasleei eta baita irakasleei ere, zorionak!».

Institututik ere

Lizardi Institututik USE probara aurkeztu diren ikasle guztiek ere gainditu dute. «Lizardiko Hezkuntza komunitate osoak zorionak eman nahi dizkie ikasleei eta irakasleei ere lortutako emaitzengatik. Garai berriak hasten dira beraientzat eta zorte ona izan dezatela opa diegu. Zorionak!».