Ongizate fisikoa eta emozionala sustatzeko tailer berriak

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCOZARAUTZ.

Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Prebentzio arloak ongizate fisikoa eta emozionala sustatzeko tailer berriak antolatu ditu urteko hirugarren hiruhilekorako. Jesus Arana, Gizarte Politiketako zinegotzi arduradunak, tailer hauek eskaintzearen helburu nagusia osasunaren sustapena dela gogorarazi du: «Osasunaren sustapena ikuspegi zabalean ulertzen dugu. Osasunaz hitz egiten dugunean osasun fisikoari eta emozionalari buruz ari gara. Tailer hauen bidez zarauztarrei ezagutza, trebetasunak, gaitasunak, baliabideak eta tresnak eskaini nahi dizkiegu ongizaterako eta egoera emozionalak hobetzeko. Horrez gain, elkarren artean gauzak partekatzeko, hobeto sentitzeko eta irtenbideak aurkitzeko guneak dira».

Hala, hiru tailer berri eskainiko dira iraila eta abendua bitartean. Lehena, 'Emozioen ezagupena eta kudeaketa' izango da, guraso eta hezitzaileei zuzendua. «Ikastaro hau hezkuntza komunitatean lan egiten duen pertsona orori zuzendua dago, izan irakasle, hezitzaile, ikasle, begirale, guraso... Landuko diren gaien artean, auto-ezagutza emozionala, auto-kudeaketa emozionala eta besteen emozioen ezagutza izango dira», azaldu du Aranak.

Donna Apellaniz irakasleak eskainiko du tailerra, euskaraz, Zuberoa kaleko 22. zenbakian dagoen ikastaro gelan. Saioak astearteetan izango dira, ondoko egunetan: irailak 24, urriak 1, 15, 22 eta 29, azaroak 12, 19 eta 26, eta abenduak 10 eta 17. Ordutegiari dagokionez, 18.00etatik 20.00etara eskainiko da ikastaroa eta matrikula 15 eurokoa izango da.

Ikastaroetan parte hartzeko interesa dutenek ostiralara arte izango dute izena emateko epea zabalik, e-posta bidez, prebentzioa@zarautz.eus helbide elektronikora mezu bat bidaliz, edo 943 005 127 telefonoan.